Machine translation

Udalak herritarren ekarpenak jasoko ditu  2027ko aurrekontuak prestatzeko

2026/10/23
Azaroaren 4tik 12ra auzo bilerak egingo ditu. Aurrekontuen lanketan parte hartzeko beste bide batzuk ere izango dituzte herritarrek: herriko zenbait puntutan jarriko diren postontzien bidez edo posta elektronikoz ere egin ahal izango dituzte ekarpenak.
Udalak herritarren ekarpenak jasoko ditu  2027ko aurrekontuak prestatzeko

Urte bukaera gerturatzen ari den honetan, datorren urteari begira ere jarrita dago Azpeitiko Udala. Aurrekontuak izaten dira udalaren jarduna eta lehentasunak bideratzen dituzten tresna nagusietako bat, eta horiek prestatzeko garaian, herritarren iritziak eta ekarpenak jasotzea garrantzitsua da. Horretarako, beste behin ere, auzoz auzoko bilerak egingo ditu udalak, herritarrek beren beharrak, proposamenak eta kezkak aurrez aurre azaltzeko aukera izan dezaten. 

11 auzo bilera antolatu ditu: Aratz Errekan, Loiolan, Urrestillan, Matxinbentan, Nuarben, Lasaon, Oñatzen, Elosiagan, Landetan, Sanjuandegin eta Alde Zaharrean. Auzo bilera horietan, beren iradokizunak eta kezkak partekatzeaz gain, auzoan egindako lanen inguruan hitz egiteko eta bestelako gaiak mahai gainean jartzeko aukera izango dute herritarrek eta udal ordezkariek.

Parte hartzeko beste bide batzuk

Dena den, auzo bilerak ez dira izango herritarrek ekarpenak egiteko izango duten bide bakarra. Herriko sei puntutan jarriko diren postontzien bidez ere egin ahal izango dira ekarpenak. Udaletxean, igerilekuan, liburutegian, Urrestillan, Jose Artetxe kalean eta Urbitarte auzoan egongo dira postontziak, azaroaren 22ra arte.

Nahiago izanez gero, posta elektroniko bidez idazteko aukera ere egongo da, helbide honen bidez: https://www.azpeitia.eus/kontaktua

Auzo bileren datak:

  • Azaroak 4. Alde Zaharra. Basazabalen.
  • Azaroak 4. Oñatz. Elizako lokalean.
  • Azaroak 4. Lasao. Auzo lokalean.
  • Azaroak 5. Loiola. Loiolako elkartean.
  • Azaroak 5. Sanjuandegi. Baigera tabernan.
  • Azaroak 9. Aratz Erreka. Auzoko tabernan.
  • Azaroak 9. Nuarbe. Auzo lokalean.
  • Azaroak 10. Urrestilla. Jubilatuen lokalean.
  • Azaroak 10. Elosiaga. Añota sagardotegian.
  • Azaroak 12. Matxinbenta. Auzo lokalean.
  • Azaroak 12. Landeta. Kiroldegian.

 Bilera guztiak 19:00etan izango dira.