- Ingurumena
Urola ibaiko landaredia arintzeko lanak egingo ditu Ura agentziak abuztu hasieran
2025/07/29
Azpeitiko Udalak, Basoinsa enpresaren bidez, azterketa bat egin berri du ibaiko landaredia horrek uholdeetan izan dezakeen eraginari buruz. Ibaiaren emari hidrologikoa hobetzea da udalaren helburua, baina ibaiaren balio ekologikoa (fauna eta flora) ahalik eta gehien mantenduz.
Basoinsak egindako azterketaren ondorioak Ura agentziarekin partekatu ditu udalak, hark ere begi onez ikusten baitzuen ibaiko landaredia arintzea. Behin azterketako emaitzak esku artean, Azoka Plazatik Enparan kalera arteko eremua jo da lehentasun handieneko eremutzat, eta abuztuaren 4tik 8ra bitartean, zenbait esku hartzen egingo ditu Ura agentziak.
Besteak beste, bertakoak ez diren espezieak kenduko ditu, hala nola hamarren bat platanondo ale. Horrez gain, zuhaitzak 2 metro ingurura arte kimatuko ditu, urak handi datozenean ibaiak dakarrena beheko adarretan katigatuta geratzeko arriskua gutxitzeko; izan ere, adarretan gauzak katigatzea arriskutsua izan daiteke, zuhaitza eror daitekeelako edo katigatutakoa kolpera libratuz gero, zerbait tapatu dezakeelako (adibidez, zubia). Ibaian dagoen hildako egurra ere kenduko du Urak abuztuko lehen astean.
Bilera irekia, irailean
Alabaina, agentziaren esku hartzea ez da horretara mugatuko. Udalarekin elkarlanean, plangintza bat egingo du datozen hilabeteetarako. Gaiak herritarren interesa eragiten duenez, udalak eta Urak jendaurrean aurkeztuko dute plangintza hori. Irailerako dago aurreikusita aurkezpena.