Machine translation

Urtebetean 61 etxe huts mobilizatzea lortu du Azpeitiko Udalak,  hasitako espedienteen %30,8

2026/03/23
198 espediente tramitatu ditu orain arte; 41 kasutan, etxea alokairura edo salmentara bideratu dute jabeek, beste hogeitan, berriz, etxeei erabilera ematen hasi direla erakutsi dute. Udalak balorazio “oso ona” egiten du, bai mobilizatu den etxe kopuruarena, bai planak zeharka ekarri dituen beste ondorio batzuena.
Urtebetean 61 etxe huts mobilizatzea lortu du Azpeitiko Udalak,  hasitako espedienteen %30,8
Joanes Amenabar, Nagore Alkorta eta Iñaki Zabaleta.

Duela urtebete pasatxo aurkeztu zuen Azpeitiko Udalak etxe hutsak mobilizatzeko plana, eta, gaur, prozesuaren bilakaera eta lehen emaitzak azaldu dituzte Nagore Alkorta alkateak, Joanes Amenabar Hirigintza zinegotziak eta Iñaki Zabaleta Azpeitia Berritzeneko eta Etxebizitza Bulegoko arduradun teknikoak.

Azpeitiko Udalak EAEko Etxebizitza Legean oinarrituta jarri zuen abian plana. Lege horren arabera, etxe bat bi urtean edo gehiagoan hutsik baldin badago justifikatu gabeko arrazoiengatik, etxe horrek ez du bere funtzio soziala betetzen, eta udalei aukera ematen die etxebizitza hutsaren deklarazioa abiatzeko.

Etxe bat bi urtean edo gehiagoan hutsik baldin badago justifikatu gabeko arrazoiengatik, etxe horrek ez du bere funtzio soziala betetzen

“Testuinguru horretan, eta gaur egun bizi dugun etxebizitza larrialdiaren aurrean, etxe hutsak mobilizatzea izan da gure helburua, kasuz kasu aztertuz etxe huts bakoitzaren egoera, 149/2021 dekretuak ezartzen dituen irizpideak kontuan hartuz”, azaldu du Nagore Alkorta alkateak.

Hiru emaitza nagusi

Duela urtebete, udalak plana martxan jarri zuenean, 560 etxek zituzten hutsik egoteko zantzuak (ur kontsumoaren datuak, errolda… kontuan hartuta). Lehen urtean, 198 espediente hasi ditu udalak. 2020tik 1972ra artean eraikitako etxeen jabeei bidali dizkie gutunak, berrienetatik hasita, eta banan bana elkartu dira jabe horiekin Etxebizitza Bulegoko langileak.

Prozesu horretan, hiru emaitza nagusi nabarmendu behar dira:

  • Etxeen mobilizazioa: Guztira 61 etxebizitza huts mobilizatzea lortu da (%30,8). Horietatik 41 etxe salmentara edo alokairura bideratu dira (horietatik bederatzi Bizigune programara). Horrez gain, beste 20 etxebizitzak hutsik egoteari utzi diote, norbait hara bizitzera joan delako edo orain erabilera ematen zaiolako etxeari.
  • Erabilera justifikatu duten etxebizitzak: Jabeek frogatu dute etxebizitzek badutela erabilera, nahiz eta kontsumo txikiak izan.
  • Kanona aplikatzeko prozedura: 43 espedientetan hasi da kanona aplikatzeko prozedura (%21,6). Horietatik 36 kasutan ofizioz hasi du udalak, eta beste zazpitan jabeek beraiek onartuta.


Balorazio positiboa eta eragin zabala

Udalak oso balorazio ona egin du lortutako emaitzen inguruan. Adibide modura, Bizigune programara bideratu diren bederatzi etxeen kasua jarri dute udal ordezkariek. “Alokairu sozialera bideratzeko hamar etxe eraiki beharko balitu udalak, 1,5 milioi euroko inbertsioa egin beharko luke, lurra aparte utzita”. Plan honen bidez, emaitza bera lortu dela nabarmendu dute: “Bederatzi familia unitatek etxe bat alokatzeko aukera izango dute, beren bizi proiektuak garatzeko; bederatzi jabek diru sarrera batzuk bermatuta izango dituzte etxe horiei esker; udalak, berriz, ez du inbertsiorik egin beharko”. 

Are gehiago, etxe hutsak mobilizatzea herritar guztientzat dela onuragarria azpimarratu dute, lur gehiago ez delako erabili behar eraikitzeko, eta, gainera, auzoak bizirik mantentzen laguntzen duelako etxe hutsik ez egoteak.

Etxeen funtzio sozialari buruz hitz egiteko ere balio izan du planak

61 etxe mobilizatzea lortzeaz gain, bestelako eragin positibo batzuk ere izan ditu planak: etxebizitzen funtzio sozialaren inguruko kontzientzia handitzea; herritarren artean pedagogia lana egitea; blokeatuta zeuden jabetza egoerak konpontzeko pausoak eman izana herritarrek… 

Azpeitiko Udalak berretsi du planarekin jarraitzeko asmoa duela, “baliagarria” dela erakutsi duelako. “Pozik gaude hutsik zeuden 61 etxe mobilizatzea lortu dugulako, eta pozik gaude etxeen funtzio sozialaren gaia mahai gainean egon delako. Etxebizitzari lotutako beste neurri batzuk ere alde batera utzi gabe, plan honekin jarraitzeko asmoa dugu”, esanez amaitu du agerraldia Alkorta alkateak.