Machine translation

Zabalik da Hanburgesa Festaren baitako bi lehiaketetarako izen-ematea

2026/05/04
Azpeitiko Hanburgesa Festaren beste edizio bat egingo da maiatzaren 23an, eta antolatzaileek bi lehiaketetarako izen-ematea ireki dute: alde batetik, Azpeitiko Hanburgesarik Onena lehiaketa izango da, herriko taberna eta jatetxeei zuzendua; eta bestetik, Gipuzkoa mailako harategien arteko artisau hanburgesa onenaren lehiaketa.
Zabalik da Hanburgesa Festaren baitako bi lehiaketetarako izen-ematea
Iazko Azpeitiko Hanburgesarik Onena lehiaketako irabazleak.

Azpeitiko Hanburgesa Festaren bosgarren edizioa maiatzaren 23an ospatuko da Azoka Plazan. Urtez urte sendotuz doan hitzordu honek berriz ere aukera emango du tokiko harategietako osagaiekin egindako hanburgesak dastatzeko, kalitatezko produktuari eta gertuko hornikuntzari balioa emanez.

Hanburgesekin batera, edari eskaintza ere egongo da Izarraitz Igeri Elkartearen eskutik, eta giroa borobiltzeko, 80ko hamarkadako musika izango da protagonista, zuzeneko DJ batekin. Festa egun horren baitan egingo dira, gainera, Hanburgesa Festaren baitako bi lehiaketak eta sari-banaketa ekitaldia.

Azpeitiko Hanburgesarik Onena: herriko ostalarientzako aukera

Azpeitiko taberna eta jatetxeek euren proposamen gastronomikoak aurkezteko aukera izango dute Azpeitiko Hanburgesarik Onena lehiaketan. Iazko arrakastaren ondoren —DA Taberna izan zen irabazlea, Ertz bigarren eta Mendizabal hirugarren—, ekimenak tokiko ostalaritzaren kalitateari, sormenari eta berrikuntzari balioa ematen jarraitu nahi du.

Lehiaketa honen bidez, herriko establezimenduek aukera paregabea dute euren hanburgesa proposamenak ezagutarazteko eta bezero berriak erakartzeko.

Parte hartu nahi duten establezimenduek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

  • Hanburgesa berezi bat aurkeztu beharko dute
  • Prezioa gehienez 20 eurokoa izango da
  • Herritarrek dastatzeko moduan egongo da maiatzaren 18tik 22ra bitartean
  • Kartan mantendu beharko da gutxienez ekainaren 21era arte 

Epaimahai profesional batek baloratuko ditu proposamenak modu anonimoan, zaporea, aurkezpena, originaltasuna eta prezio-kalitate erlazioa kontuan hartuta. Izen-ematea maiatzaren 14ra arte egongo da zabalik.

Harategien lehiaketa, Gipuzkoa mailakoa

Bestalde, Hanburgesa Festaren barruan, Gipuzkoako harategiek ere euren tokia izango dute, artisau hanburgesa onenaren lehiaketarekin. Parte-hartzaileek eurek egindako hanburgesak aurkeztuko dituzte, eta epaimahai espezializatu batek baloratuko ditu kalitatea, osagaien konbinazioa eta aurkezpena bezalako irizpideen arabera.

Lehiaketa hau ere maiatzaren 23an egingo da, Azoka Plazan, eta bertaratzen direnek hanburgesak dastatzeko aukera izango dute.

Parte hartzera deia

Antolatzaileek —Azpeitiko Udala, Ederto-Harakel, Bertan eta Dendartean— bereziki azpimarratu nahi dute herriko ostalarien parte-hartzearen garrantzia, eta taberna eta jatetxe guztiak animatu dituzte bigarren edizio honetan parte hartzera.

Azpeitiko Hanburgesarik Onena lehiaketa aukera ederra da tokiko eskaintza gastronomikoa indartzeko, establezimenduen lana ikusgarri egiteko eta herriko giro ekonomiko eta soziala dinamizatzeko.