Zizur Nagusian izandako hilketa matxista salatu du udalak
2025/07/30
Azpeitiko Udalak ozen adierazi nahi du, beste behin ere, ez duela onartuko giza eskubideen urraketarik; ez Azpeitian eta ez beste inon ere. Eta urraketen aurrean, modu aktiboan jokatzea herritarron ardura ere badela gogorarazi nahi du. Urtea hasi zenetik Euskal Herrian izan den bosgarren hilketa matxista izan da Zizur Nagusikoa. 130 dira Euskal Herrian 2003tik erregistratutako hilketa matxistak.
Emakumeen aurkako indarkeria egiturazko arazo bat da, emakumeak kontrolpean eta mendean izan nahi dituena. Beraz, indarkeria hori ez da ekintza bakartuen edota azalpenik gabeko gertakarien emaitza. Aitzitik, generoen gaineko aurreiritziak, gizartean aski errotuta dauden horiek dira, hain zuzen, halako ondorio larri eta tamalgarrien sortzaile. Hilketa matxista emakumeen aurkako indarkeriaren muturreko espresioa da, eta erasoei aurre egiteko ezinbestekoa da gizon eta emakumeen arteko berdintasun balioak sustatzea.
Horregatik, Azpeitiko Udalak, gainerako erakunde publikoekin batera, lanean jarraituko du berdintasunaren oinarriak auzitan jartzen dituen arazo sozial larri honi irtenbidea bilatu beharra daukagulako denon artean. Eraso oro gaitzestea, indarkeriari aurre egiten dioten emakumeei babesa ematea, prebentzio eta sentsibilizazio lanean jarraitzea eta baliabideak bideratzea dagokigu.
Erasoren baten aurrean, honako telefonoetara dei dezakezu:
• Gizarte Zerbitzuak: 943157192
• Udaltzaingoa: 092 edo 943151313
• Emakumeen Txokoa: 688751000
• Ertzaintza: 112