Machine translation

Zure ustez, nork merezi du saninazioetako txupinazoa botatzea?

2026/05/29
Aurten ere, hautagaiak proposatzeko aukera izango dute herritarrek. Jasotako proposamen guztiak aztertu ondoren, lau hautagai aukeratuko ditu Festa Batzordeak. Ondoren, bozketa bidez erabakiko dute herritarrek zeinek botako duen txupinazoa.
Zure ustez, nork merezi du saninazioetako txupinazoa botatzea?

Honako hau izango da prozedura:

• Gaurtik ekainaren 12ra arte, proposamenak jasotzeko epea zabalduko da. Bi bide egongo dira horretarako: posta elektroniko bidez eginez proposamena (txupinazoa@azpeitia.eus da helbidea) edo buzoien bidez (udaletxean, igerilekuan eta liburutegian). Zein den proposatutako hautagaia eta zergatik proposatu den adierazi behar da. Taldeak edo norbanakoak izan daitezke hautagaiak.

• Festa Batzordeak aztertuko ditu proposamen guztiak, eta hainbat irizpideri begiratu ostean, lau finalista aukeratuko ditu. Honako hauek dira kontuan hartuko dituen aldagaietako batzuk: herriari egindako ekarpena, norbere arloan izandako merituak, berdintasuna eta bizikidetza sustatzeko egindako ahalegina eta euskal kulturaren alde egindako lana. Ekainaren 19an jakinaraziko du udalak zein diren txupinazoa botatzeko lau hautagaiak.

• Ekainaren 19an beste bozketa bat irekiko da lau hautagaiekin. Bi bide egongo dira berriz ere: postontzien bidez edo udalaren webgunean zintzilikatuko den galdetegi bidez. Herritar bakoitzak boto bakarra emango duela bermatzeko, nortasun agiriaren zenbakia eskatuko da (izen-abizenak ez dira beharrezkoak izango; botoa isilpekoa izango delako).

• Ekainaren 30ean, San Inazio bezperarako hilabete falta denean, txupinazoa nork botako duen jakinaraziko du udalak.

Duela bi urte erabili zen lehen aldiz sistema hori txupinazoa nork bota erabakitzeko. Lehen aldi hartan, azokara etortzen diren baserritarrek bildu zituzten boto gehien. Iaz, berriz, Kepa Susperregi Azpeitiko erretore ohiak.

Ea aurten nork duen saninazioei hasiera emateko ohorea!