Euskara
- Arduradun politikoa
- Aitor Larrañaga Larrañaga
- Arduradun teknikoa
- Patxi Saez Beloki
- Helbidea
- Enparantza Nagusia 5
- Telefonoa
- 943 81 45 18
- Posta elektronikoa
- euskara@azpeitia.eus

Euskara azpeitiarron berezko hizkuntza da: herritarren % 83k daki eta egiten du euskaraz. Euskarak azpeitiar egiten gaitu eta azpeitiarron izanarekin erabat uztartuta dago: euskarak milaka urte egin ditu azpeitiarron kolkoan.
Azpeitia euskararen arnasgune bat da, eredugarria euskararen normalizazioaren ikuspegitik. Gurean, normal-normal komunikatzeko erabiltzen dugu euskara: etxean, kalean, lagunartean, eskolan... Gurean, normaltasunez transmititzen da euskara belaunaldiz belaunaldi. Gurean, hizkuntza etengabe biziberritzen da.
Hizkuntza batek, biziko bada, nagusi den guneak behar beharrezkoak ditu. Eta euskara nagusi izango den lurgune hori sortu eta sendotzeko helburuz Azpeitia Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kide da 2008tik.
Azpeitiko Udalak etengabeko lanean dihardu euskara Azpeitiko gizarte-esparru guztietara zabaltzeko: euskara ez dakitenei Udal Euskaltegiaren bidez euskara irakasteko, ELEGUNE bulego teknikoaren bidez, Azpeitiko enpresetan Euskara Planak egiteko eta eragiteko, Udaleko kudeaketa administratibo guztiak euskaraz egiteko, etorkinei hizkuntza integrazioan laguntzeko...
Lankidetza eta bitarteko horien bidez, Azpeitiko Udalak lanean dihardu Azpeitia euskararen arnasgune izaten jarraitzeko, normalizazioan dauden hutsuneak irabazten joateko, eta noski, Euskal Herria euskalduntzean geure aletxoa jartzeko.