40. urteurrena ospatzeko, disko bat
2026/06/03
Asteartean egin zuten aurkezpena, eta han izan ziren Javier Alberdi Julian Barrenetxea abesbatzako zuzendaria eta Miren Urkizu abesbatzako kidea, Ignazio Arakistain organo jotzailea, Jose Luis Frantzesena konpositorea eta Nagore Alkorta alkatea eta Leire Sarasua Kultura batzordeburua.
Julian Barrenetxearen, Juan Antxietaren, Jose Mari Altunaren eta Jose Luis Frantzesenaren lanak bildu dituzte diskoan. Julian Barrenetxea abesbatzako kideek ez ezik, Azketa Ahots Taldeak, parrokiako abesbatzak eta KBeat ahots taldeak ere hartu dute parte proiektuan, eta beste zenbait boluntariok ere bai.
“Gure herriaren ondare bat dira herriko lau konpositore horien lanak, eta disko batean jasotzeak ondare horren transmisioan lagundu egingo du zalantzarik gabe”, esan zuen Nagore Alkorta alkateak aurkezpenean, proiektuaren sustatzaileei eskerrak ematearekin batera.
Larunbatean, kontzertu bat ere eskainiko du Julian Barrenetxea abesbatzak, diskoaren lagin bat aurkezteko herritarrei. Parrokian izango da, 20:00etan hasita. Han bertan egongo dira salgai diskoak.
