Antzerkiak hartuko du Azpeitia urriaren 30etik azaroaren 22ra
2026/10/09
Euskarazko antzerkiaren plaza bihurtzeko prest dago Azpeitia beste behin ere. Urriaren 30etik azaroaren 22ra bitartean egingo dira 44. Euskal Antzerki Topaketak. Gaur eguerdian, egitarauaren xehetasunak aurkeztu dituzte Nagore Alkorta alkateak, Leire Sarasua Kultura batzordeburuak, Amets Sorazu Kulturaz kooperatibako kideak, Xanti Agirrezabalaga antzerki irakasleak, Peru Segurola eta Elene Arregi antzerki ikasleek, Kepa Errasti Sidari antzezlanaren egileak, Dorleta Urretabizkaia Rigor Mortis antzezlanaren egileak eta Idoia Uranga Ama Begira Zazu antzezlanaren zuzendariak.
Nagore Alkorta alkatea harro agertu da Euskal Antzerki Topaketak 44. ediziora iritsi direlako. Topaketek duten sendotasunaren adibide moduan, antzerki konpainiek topaketetara etortzeko erakusten duten interesa eta publikoaren erantzun ona nabarmendu ditu, baita formatu eta adin tarte desberdinetako ikusleengana iristeko egiten den ahalegina ere. Horrez gain, euskarari eta euskarazko antzerkiari egiten dioten ekarpena eta urte osoan Azpeitian antzerkiaren bueltan egiten den lana eskertu ditu.
Leire Sarasua Kultura batzordeburuak azaldu duenez, “antzerkia ulertzeko eta egiteko modu ezberdinak” bildu nahi izan dituzte aurtengo egitarauan. Amets Sorazu Kulturaz kooperatibako ordezkariak, berriz, urte osoko lanaren emaitza erakusteko plaza gisa definitu ditu topaketak. Azken hamarkadan, udala eta kooperatiba bidelagun izan dira topaketen antolaketan.
Komediak eta bestelako istorioak, Soreasun
Eskola antzerkiaz gain, hamabi antzezlanez gozatzeko aukera izango da aurten. Horietako hiru dira Sidari, Rigor Mortis eta Ama Begira Zazu.
Kepa Errasti egileak eman ditu Sidari lanari buruzko azalpenak. “Komedia bat da, eta galdera bat botatzen du: zer da bizitzako bidelagun bat izatea eta zer forma hartu behar du bizitzako lagun batek?”. 30 urte inguruko bikote batek Interrail bidaia egingo du harremana ospatzeko, eta bidean bikote helduago batekin egingo dute topo. Haiek Sidari herrira joatea gomendatuko diete, Greziako Korfu uhartean. Han, maitasunaren kanala igerian zeharkatzen duten bikoteek betiereko maitasuna gordetzen dutela dioen kondaira ezagutuko dute. Umorearen bidez, harremanen inguruko gogoeta proposatzen du lanak.
Azaroaren 15ean, Txalo konpainiaren Rigor Mortis antzezlana etorriko da Soreasura. Dorleta Urretabizkaiak azaldu duenez, komedia beltza da, aitona Rufinoren heriotzatik abiatzen dena. Aitona ahoa irekita hil da, eta alargunak ez du nahi inork horrela ikus dezan. Senitartekoak egoerari nola aurre egin asmatu ezinik dabiltzala, familiako harremanak eta sekretuak azaleratuko dira. Irailean estreinatu zuten lana, Donostian, eta harrera ona izan duela kontatu du Urretabizkaiak.
Topaketen azken egunean, azaroaren 22an, Ama begira zazu antzezlanak hartuko du oholtza. Segurako Xirikara taldeak 1980ko hamarkadan arrakasta handia izan zuen lana berreskuratu du, Idoia Urangaren eskutik. Jatorrizko umorea mantentzen saiatu dira, baina hainbat esketx egungo egoeretara egokitu dituzte. Urangak azaldu duenez, jende askok gogoan du antzezlana, eta herriz herriko biran ikusleek adierazi diete umorea errespetatu dutela. “Sortzaileei egindako omenaldi xume bat da”.
Gazteak, oholtza gainean
Eskola Antzerkiak tarte berezia izango du aurtengo topaketetan ere, hain zuzen ere, azaroaren 9tik 13ra bitarteko astean. Dinamoan gaztetxoekin egiten diren antzerki tailerretan urte osoan landutakoa erakusteko aukera emango dute topaketek, eta beste herri batzuetatik ere etorrriko dira antzerki eskoletako taldeak. Xanti Agirrezabalaga irakasleak azaldu duenez, gaztetxoen taldeak duela hogei urte baino gehiago hasi ziren Azpeitian, eta gaur egun bost talde ari dira antzerkia ikasten. “Topaketetan, herriko harrobia erakusten dugu, eta ikasleek ere beren pareko jendea ikusten dute oholtzan antzezten”.
Ikasleek eurek sortutako istorioak oholtzaratzen dituzte. Aurtengoan, besteak beste, Supers antzezlana aurkeztuko dute Elene Arregik eta Peru Segurolak beste ikasle batzuekin batera. Superheroien istorio bat kontatuko dute, baina gogoetarako mezua ere izango du lanak, ikasleek aurreratu dutenez.
Kaleko antzerkia, txotxongiloak eta sorkuntza tailerrak
Soreasuko emanaldiez gain, Dinamoa sormen guneak ere hartuko ditu topaketetako hainbat jarduera. Azaroaren 7an, Hortzmuga amestuz txotxongilo tailerra izango da 5 urtetik gorakoentzat; azaroaren 21ean, berriz, Munstro eszenikoa performance tailerra eskainiko dute Maite Aizpuruak eta Garazi Navasek. Azaroaren 7an, Grama kolektiboaren Birakolore kale antzerkia izango da ikusgai Perez Arregi plazan.
Topaketen aurkezpenean, herritarrak antzerkira animatu dituzte antolatzaileek. Girotzen joateko, gainera, Mikra zirku garaikideko pieza izango da ikusgai, bihar, larunbata, 12:00etan, Done Jakue kalean.
Egitarau osoa eta informazio gehiago topaketen sare sozialetan aurki daitezke, @antzerkitopaketak kontuan, eta sarrerak antzerkitopaketak.eus webgunean eskuratu daitezke.
