‘Jo!’ antzezlanak irabazi du aurtengo Ikuslearen Saria
2026/11/23
Magma Mia antzerki konpainiaren Jo! antzezlanak eskuratu du 44. Euskal Antzerki Topaketen Ikuslearen Saria. Anduriña Zurutuza eta Beatriz Egizabal aktoreek, Txefo Rodriguez zuzendariak eta Cesar Marcos diseinatzaileak hunkituta jaso zituzten garaikurra eta 600 euroko saria, atzo iluntzean, Soreasu antzokian, Leire Sarasua Kultura batzordeburuaren eskutik.
Sorkun eta Grego dira antzezlaneko protagonistak, aspaldian elkarrekin egon gabe dauden bi lagun min. Kalean topo egin ondoren, kirola egiten duten bitartean ikerketa antropologiko bat egingo dute, bizitza istorioak erabiliz horretarako metodologia gisa. Jo! azaroaren 5ean izan zen Azpeitian, ostegunez. Hau da, ez da ohikoa izaten, baina aurten Ikuslearen Saria ostegunetan programatu ohi diren formatu txikiko antzezlanetako batek eskuratu du.
Sari banaketarekin batera, aurtengo topaketei amaiera eman zieten atzo. Azken emanaldian, umorea izan zen protagonista, Ama begira zazu antzezlana ikusteko aukera izan baitzen. Oraindik balorazio sakonagoa egin beharko den arren, izan duten harrerarekin pozik dago Azpeitiko Udala.
