Euskal antzerkiaren plaza bihurtuko da Azpeitia bihartik hasi eta azaroaren 22ra arte
2026/10/29
Euskarazko antzerkiaren plaza bihurtzeko prest dago Azpeitia beste behin ere. Urriaren 30etik azaroaren 22ra bitartean egingo dira 44. Euskal Antzerki Topaketak. Azpeitiko Udalak Kulturaz Kultur Kooperatibarekin elkarlanean antolatutako hitzordu honek urte osoan zehar euskal aktore zein konpainiek egindako lana plazaratzea du helburu. Hausnartzeko, hunkitzeko, barre egiteko, entretenitzeko eta antzerkia ulertzeko modu desberdinak eskainiko dizkigu egitarauak.
Ostiral honetan emango diogu hasiera topaketei emanaldi borobil batekin: Tanttaka Teatroak Desobedienteak 18/98 antzezlana aurkeztuko du Soreasu antzokian, 19:00etan. Asteburuko hurrengo emankizuna ere bertan izango da; igandean, 19:00etan, Metrokoadroka kultura elkarteak Bi baso bat ur lana eskainiko du.
Guztira hamabi antzezlanez gozatu ahal izango da aurten. Horrez gain, eskola antzerkiak ere tarte berezia izango du, hain zuzen ere azaroaren 9tik 13ra bitarteko astean. Dinamoan gaztetxoekin egiten diren antzerki tailerretan urte osoan landutakoa erakusteko aukera emango dute topaketek, eta beste herri batzuetatik ere etorriko dira antzerki eskoletako taldeak.
Soreasuko emanaldiez gain, Dinamoa sormen guneak ere hartuko ditu topaketetako hainbat ekintza. Azaroaren 7an, Hortzmuga Amestuz taldearen txotxongilo tailerra izango da; azaroaren 21ean, berriz, Munstro eszenikoa performance tailerra eskainiko dute Maite Aizpuruak eta Garazi Navasek. Azkenik, azaroaren 7an, Grama kolektiboaren Birakolore kale antzerkia izango da ikusgai Perez Arregi plazan.
Egitarau osoa eta informazio gehiago topaketen sare sozialetan aurki daitezke, @antzerkitopaketak kontuan, eta sarrerak antzerkitopaketak.eus webgunean eskuratu daitezke.
