Machine translation

Leire Derteanok irabazi du antzerki topaketen kartel lehiaketa

2026/09/16
Udazkenean egingo dira 44. Euskal Antzerki Topaketak, eta, abiapuntu gisa, kartel lehiaketa antolatu du aurten ere Azpeitiko Udalak. Hogei lan aurkeztu dira, eta Leire Derteano oñatiarrak aurkeztutako lana aukeratu du epaimahaiak. 2023an eta 2024an ere hark egindako kartela izan zen irabazle.
Leire Derteanok irabazi du antzerki topaketen kartel lehiaketa

Egileak berak azaldu duenez “kapa desberdinetan, zenbait ideia” jaso nahi izan ditu. Kioskoa da kartelean agertzen den elementuetako bat: “Azpeititik kanpokoa izanda, Azpeitiarekin lotzen dudan ikono nagusia delako”. Antzerkiarekin lotutako sinboloak ere jaso ditu Derteanok kartelean, hala nola maskarak eta musika. “Eta erdian ikusten diren aulkiekin, teloia irekitzen den eta zerbait hastera doan momentu hori irudikatu nahi izan dut”. Horrez gain, ilustrazioarekin jolastu nahi izan duela kontatu du, “ukitu analogiko bat emateko gogoa nuelako”.

Udaleko ordezkariek, Arte eta Diseinu Eskolakoek, Kulturaz kooperatibakoek eta UKTko kideek osatu dute epaimahaia. Ekainaren 8tik 14ra Betharrameko erakusketa aretoan egon ziren ikusgai lehiaketara aurkeztu ziren kartelak, eta herritarrek ere izan zuten beren iritzia emateko aukera.

Topaketen aurkezpena eta ‘Mikra’ antzezlana 

Behin kartel irabazlea aurkeztuta, 44. Euskal Antzerki Topaketak aurkeztea izango da hurrengo pausoa. Urriaren 9an izango da hori, eta orduan jarriko dira salgai sarrerak ere, topaketen atarian (www.antzerkitopaketak.eus). Aurkezpena egin eta biharamunean, berriz, girotzen joateko, Mikra antzezlanaz gozatzeko aukera izango da. Done Jakue kalean izango da, 12:00etan (euria egiten badu, frontoi txikian).

Urriaren 30etik azaroaren 22ra izango dira aurtengo topaketak.