Machine translation

60 pertsonak baino gehiagok parte hartuko dute Azpeitiko Sketchcrawl marrazketa topaketan

2026/04/23
Euskal Herriko Sketchcrawl taldeak antolatu du egitasmoa, Adi arte eta diseinu eskolaren eta Azpeitiko Udalaren laguntzarekin. Larunbatean (apirilak 25), 10:00etan jarri dute hitzordua, Trenbidearen Museoren aurrean, eta egun osoko egitaraua prestatu dute.
60 pertsonak baino gehiagok parte hartuko dute Azpeitiko Sketchcrawl marrazketa topaketan

Antolatzaileek “marrazketa azkarra” gisa definitu dute sketchcrawla. Maratoi moduko bat izaten da topaketa. Parte hartzaileek, egun osoan zehar, ingurua behatu eta zuzenean marrazten dute, bakoitzak bere estilo eta tresnekin. Ez da lehiaketa bat, baizik eta sormen kolektiborako aukera irekia. Amaieran, egindako lanak sare sozialen bidez partekatzen dituzte, mundu osoko beste marrazkilariekin batera.

Topaketen 91. aldia izango da larunbatekoa. Hiru hilean behin egiten da nazioartean, eta Euskal Herrian 2012an egin zen estreinakoz. Orain arte, inoiz ez da egin izan Azpeitian.

Goizean Burdinbidearen Euskal Museoan elkartuko dira parte-hartzaileak, eta ondoren tren bidaia egingo dute Azpeitia eta Lasao artean. Eguerdian bazkaria izango dute Sanagustin kulturgunean eta arratsaldean herriko Alde Zaharrean marrazten jarraituko dute. Jardunaldia plazan amaituko da, taldeko argazkia aterata.

10:00. Partaideen topaketa Burdinbidearen Euskal Museoan
12:00. Trenean bidaia Azpeitia eta Lasao artean.
14:00. Bazkaria, Sanagustin kulturgunean.
16:00-18:00. Marrazteko tartea, Alde Zaharean.
18:00. Agurra eta azken argazkia, plazan.