- Ingurumena
- Energia
Abenduaren 19ra arteko epea egongo da mugikortasunari buruzko galdetegia betetzeko
2025/12/10Herriko mugikortasunari buruzko azterketa bat egiten ari da Azpeitiko Udala. Lan hori behar bezala gauzatu ahal izateko, ezinbestekoa da herritarren ohitura, iritzi eta premiak ezagutzea. Horregatik, galdetegi bat betetzeko eskatu nahi die herritarrei.
Batik bat zer garraiobide erabili ohi dituzten, joan-etorririk ohikoenak zein dituzten, garraio publikoari lotutako zer premia ikusten dituzten eta beste zenbait galdera jasotzen dira galdetegian. Abenduaren 19ra arteko epea egongo da betetzeko.
Azpeitiko Klima eta Energia Planaren barruan, mugikortasun jasangarria da puntuetako bat. Udalak hainbat ekimen bultzatu ditu azken urteotan (Auzo Taxi programa, bide gorriak, bizikletentzako aparkalekuak…). Azterketa honen bidez, herritarrek zer lehentasun dituzten jakin nahi du, garraio sistema seguru, eskuragarri, irisgarri eta jasangarriak bultzatzen jarraitzeko.
