Itzulpen automatikoa / Machine translation

  • Kirola

Abiadura zaleen proba kuttuna, asteburu honetan

2025/10/15
Bosteko Eskuderiak antolatuta, 43. aldiz egingo dute Urrakiko Igoera. Igande honetan (urriak 19) izango da, 10:00etan hasita, eta Euskadiko eta Gipuzkoako Mendiko Txapelketarako azken proba puntuagarria izango da.
Abiadura zaleen proba kuttuna, asteburu honetan

Parte hartzaileek 6 kilometro baino gehiagoko ibilbidea hiru aldiz igo beharko dute: entrenamendu batean eta bi manga ofizialetan. Probaren aurretik, larunbatean, 15:00etatik aurrera, epaitegien ondoko aparkalekuan egongo dira parte hartuko duten autoak, egiaztapen administratibo eta teknikoak egiteko.

Atzo egin zuten aurtengo ekitaldiaren aurkezpena. Ion Oteiza Azpeitiko Udaleko Kirol batzordeburuak pozgarritzat jo zuen beste urte batez proba antolatu izana. “Herri kotxezalea gara. Hara eta hona mugitzen gara azpeitiarrok lasterketak ikustera edo parte hartzera, baina Urrakiko Igoera, etxekoa izanda, berezia da, eta seguru gaude aurten ere bide bazterrak beteko dituela jendeak eta animorik ez zaiela faltako gidariei”.

58 gidarik eman dute izena, eta horietatik hemeretzi Azpeitia edo inguruko herrietakoak dira. Bertako gidaririk onenentzat ere egongo da saria aurten.