Ados Pilotaren Binakako Txapelketako finalak, ostiralean, Azpeitian
2026/03/25
Atzo egin zuten finalaren aurkezpena, finalera sailkatu diren bikoteak bertan zirela. Maila nagusian, Iturriaga eta Orbegozo azpeitiarra ariko dira Oskoz eta Arrastiaren aurka; promoziokoan, berriz, Sagarduik eta Etxeberriak neurtuko dituzte indarrak Arruti eta Alberroren kontra.
Finalerako sarrerak dagoeneko salgai daude Ados Pilotaren webgunean. 15 euroko prezioa izango dute (haurrek doan). Sarreren bidez lortutako diruaren zati bat Korrikarentzat izango da. Ez da Ados Pilotak Korrikarekin egin duen keinu bakarra izan; izan ere, finalak, berez, larunbatean ziren jokatzekoak, baina egun horretan Korrika herritik pasatuko denez, ostiralera aurreratu dituzte.
Ion Oteiza Kirol batzordeburuak gogora ekarri zuen bezala, iazko apirilean Iruñean izan ziren Azpeitiko udal ordezkariak, finalaren lekukoa hartzen. “Gogotsu hartu genuen binakako finalak Azpeitian jokatzeko aukera, eta eguna iritsi den honetan, ilusioz gaude. Jende guztia animatu nahiko nuke ostiralean Izarraitzera etortzera”.
