- Azpiegiturak
Alde Zaharreko trastelekuak, erabilgarri
2025/12/22
Alde Zaharra bizitzaz betetako auzo bat izatea nahi du Azpeitiko Udalak, eta hori lortu ahal izateko, hainbat neurri jarri ditu martxan azken boladan (etxe berriak, plan berezia, dirulaguntzak…). Zerrenda horri beste egitasmo berritzaile bat ere gehitu behar zaio: udal trastelekuak.
Auzotarrek esker onez eta interes handiz hartu duten ekimena izan da. 32 trasteleku eskaera jaso ditu udalak, eta guzti-guztiei erantzungo die, hiru lokalen bidez.
Trastelekuak "Alde Zaharraren aldeko inbertsio bat" direla esan du Nagore Alkorta alkateak
Nagore Alkorta alkateak azaldu duenez, “Alde Zaharraren aldeko inbertsio bat” dira trastelekuak. Udalak auzotarrekin urtero egiten dituen bileretako batean, auzotarrek aipatu zuten etxe zaharrak zeudela auzoan, igogailu gabeko etxeak, portal estukoak, etxe asko txikiak zirenez espazio arazoak ere ohikoak zirela… "Alde Zaharra erakargarriagoa egiteko lanean ari gara azken urteotan, eta trastelekuak egiteko ideia hori geuretzat hartu, eta forma ematen hasi ginen”.
Auzotarren beharretara egokitzeko ahalegina
Auzotarrak bilera batera deitzea izan zen lehen pausoa. “Berrogei lagun inguru etorri ziren lehen bilerara. Trastelekuekiko benetako interesa zegoela ikusi genuen, eta galdetegi bat banatu genuen”, kontatu du Odriozolak. Galdetegi horretan, non bizi ziren, trastelekua non nahi zuten (beren kalean, ondokoan, Alde Zaharreko edozein kaletan), zertarako behar zuten eta zenbat ordaintzeko prest egongo liratekeen galdetu zitzaien.
Erantzunak jaso eta aztertu ostean, bigarren bilera bat egin zuten. “Esan genien trastelekua norbere kalean edo ondokoan lortzen saiatuko ginela, eta zenbateko kuota ordaindu beharko zuten: urtean 300 euro. Interesatuta jarraitzen zutenei eskaera ofiziala egiteko eskatu genien, informazio horrekin udala lokal bila hasteko”. Enparan kalean hamalau trasteleku eskatu zituzten auzotarrek; Elizkale-Erdikalean hamar; eta plazan zortzi.
Horrela, lizitazio prozesu bat jarri zuen martxan udalak, udalari lokalak alokatzeko interesa izan zezaketen lokal jabeek proposamenak aurkezteko. “Ez genuen proposamen askorik jaso, baina, zorionez, bai eskaera guztiak asetzeko adina”. Enparan kalean eta Elizkale-Erdikalean (bi kaleetatik du sarbidea lokalak) alokatu ditu lokalak udalak. Aurrenengoan, hamazazpi trasteleku atera ditu, eta bigarrengoan hamar trasteleku. 6-8 metro karratukoak dira guztiak.
6-8 metro karratukoak dira trastelekuak eta urtean 300 euroko alokairua dute
Amaituta daude obrak. Tamainaz antzekoak izan arren, guztiak ez dira berdinak, eta zozketa egin da, tokatutako hurrenkeraren arabera aukeratzeko trastelekuak. Gaur hasi dira kontratuak sinatzen. Sinatu bezain pronto, giltzak jasoko dituzte, eta gauzak eramaten hasteko aukera izango dute. Kontratuak lau urterako dira, eta beste lau urtean luzatzeko aukerarekin.
Hurrengoak, plazako trastelekuak
Plazan, berriz, lokal bat erosteko aukera sortu zaio udalari; ondorioz, gehiago luzatuko da trastelekuak esleitzeko prozesua. Zortzi eskaera zituen eremu horretarako, eta hamabost egingo ditu, lokala handia baita. Urtarrilean dira hastekoak obretan.
Epe barruan jasotako eskaera guztiei erantzun die udalak. Alabaina, behin lokalak eskuratutakoan, eta ikusitakoan Enparan kaleko lokalean eta plazakoan trasteleku gehiago ateratzeko aukera izango zuela, beste izen-emate bat ere ireki zuen udalak, itxaron zerrenda bat osatzeko. 23 pertsona daude zerrenda horretan; ondorioz, aurrerago, zozketa bat egingo da soberan geratuko diren trasteleku horiek ere esleitzeko.
