Machine translation

Amaitu dituzte Urrestillako erdigunea berrurbanizatzeko lanak

2026/07/16
Azpeitiko Udalak amaitutzat eman ditu Urrestillako erdigunea berrurbanizatzeko lanak. Hiru fasetan gauzatu da proiektua, 2024ko uztailean hasita, eta helburua izan da herriguneko azpiegiturak eta zorua berritzea, irisgarritasuna eta segurtasuna hobetzea eta oinezkoentzako espazio atseginagoa sortzea.
Amaitu dituzte Urrestillako erdigunea berrurbanizatzeko lanak

Amaitu berri duten hirugarren fasean, Kaleaundiko azpiegiturak eta zoladura berritu dituzte, eta Altuna Errota kalean oinezkoentzako espaloi berria egin dute. 

Aurrez, bigarren fasean, Kalebarrena, Antxieta plaza eta Kaleaundi eta Kaletxiki arteko eremua berritu zuten. Lan horien bidez, oinezkoen irisgarritasuna eta segurtasuna hobetu dira, eta autobus geltokian markesinak ere jarri dituzte, erabiltzaileen erosotasuna handitzeko.

Lehen fasea Kaletxikin gauzatu zuten. Orduan, galtzada harri zaharrak kendu eta kale osoa berriz zolatu zuten harlauza berriekin, zorua berdinduz. Era berean, ur saneamenduaren sarea ere erabat berritu zuten.

Behin lanak amaituta, Urrestillako herriguneak berritu handia hartu du. Etxe Alai auzokoarekin batera, Urrestillakoa izan da azken bizpahiru urteetan erakundeak egin duen berrurbanizazio inbertsiorik handiena. 780.000 euroko aurrekontua izan dute Urrestillako lanek.