- Hezkuntza
Amak ahalduntzeko proposamena, bigarren urtez
2025/09/10
Amatasunak, askotan, bizitzako eremu asko birkokatzea eskatzen du, egoera berrietara egokitzea. Ama berri horiek ahalduntzeko proposamena da Amak Tribuan. “Zaintzaileak ere behar du zaindua izatea. Gure buruak eta elkarrenak zaintzeko hautu kontziente bat egiten lagundu nahi du Amak Tribuanek”, esan du Egigurenek.
Urririk urtarrilera eskainiko da tailerra, eta bi astean behin elkartuko dira amak, Basazabal jauregian. Irailaren 26ra arte egongo da izena emateko aukera, lotura honetan. Izena emateko orduan, goizez edo arratsaldez nahiago den zehaztu beharko da. 24 euro izango da prezioa guztira, eta taldea osatu ondoren egingo da ordainketa. Azpeitian erroldatuta daudenek lehentasuna izango dute. Taldeak jarraitzeko asmoa azaltzen badu, aukera izango da otsailetik maiatzera bitartean jarraitzeko.
Egigurenek azaldu duenez, besteak beste, honako lanketa hauek egingo dituzte: norbere beharrak identifikatu eta gauzatzeko bideari ekin; mugak jartzen eta erabakiak hartzen trebatu; zailtasunei eta pozei tokia egin; exijentziak jaitsi eta norbere buruak goxotik hartu; errua eta bakardadea berrikusi; tratu onetan entrenatu; plazerarekin, desioarekin eta jolasarekin konektatu; eta amek egiten duten zaintza lanari balioa eman.
“Tribuaren babesean, espazio seguru eta zainduan elkartuko gara; gorputza izango dugu lan tresna; eta saioak praktikoak eta bizipenetan oinarritutakoak izango dira”, gaineratu du.
