Amueko eremuan eraisketa lanak egiten hasteko baimena eman du udalak
2026/04/15
Herrigunearen erdian, bederatzi hektareako eremua hartzen du Amue eremuak. Horietatik zazpi hektarea zaharkitutako industria gune batek betetzen ditu gaur egun; alabaina, itxura guztiz ezberdina izango du eremuak laster. Izan ere, eraikinak eraisten hasteko baimena eman dio Azpeitiko Udalak Corrugados Azpeitia SL enpresari.
“Enpresarekin harremanetan gaude, eta baieztatu digute laster hasiko direla eraikinak botatzen”, iragarri du Nagore Alkorta alkateak. Hain zuzen, lur horien jabeari dagokio eraisketa lanak egitea. Eraikinak barrutik hustu, eraikinak bota, lurra deskutsatu… hainbat faseko prozesua pasatu beharko da eremua beste erabilera batzuetarako erabilgarri egon aurretik. Aste batzuk barru epeei buruzko xehetasun gehiago ematea da udalaren asmoa.
Atzo landu zuten gaia Gobernu Batzordean, eta aho batez onartu zuten eraisketarako baimena ematea. “Albiste oso pozgarria da herriarentzat, urte luzez geldirik egon den gune bat biziberritzetik gero eta gertuago gaudelako. Amueko eraldaketak eragin zuzena izango du Azpeitiko erdigunean, espazio erabilgarri eta atseginagoak sortuko baitira herritarrentzat”, esan du Alkortak.
2024an onartu zuen Azpeitiko Udalak behin betiko Amueko eremurako plan berezia
2024an onartu zuen Azpeitiko Udalak behin betiko Amueko eremurako plan berezia. Plan horretan jasotzen den bezala, etorkizunean espazio horretan etxebizitzak eta herri erabilerarako ekipamendu komunitarioak eraikitzea da asmoa.
