Itzulpen automatikoa / Machine translation

  • Kulturartekotasuna

Aniztasun eta bizikidetza zikloaren barruan,  ekitaldi ugari izango da azaroan eta abenduan

2025/11/14
Harrera, ahalduntze soziopolitikoa eta elkarren ezagutza dira zikloaren ardatzak. Gaur aurkeztu dute egitaraua Leire Goenaga Gizarte Zerbitzuetako batzordeburuak, Aitor Beloki gizarte langileak eta Aniztasun Mahaiko kideek.
Aniztasun eta bizikidetza zikloaren barruan,  ekitaldi ugari izango da azaroan eta abenduan

Gero eta herri anitzagoa da Azpeitia, jatorri, ohitura, adin eta identitate ugaritako herritarrak biltzen baititu. 2024ko abenduko datuen arabera, 52 jatorritako herritarrek osatzen dute herria; hain zuzen ere, azpeitiarren %10 inguru atzerrian jaioa da; hizkuntza aberastasuna ere handia da, 13 ama hizkuntza identifikatu baitituzte hezkuntza zentroek egindako kontaketa batean.

“Aniztasunaren kudeaketa, zalantzarik gabe, gizarte honen erronka nagusietako bat da”, esan du Leire Goenaga Gizarte Zerbitzuetako batzordeburuak. Hori horrela izanda, Azpeitiko Udalak prozesu bat hasi zuen 2024an, Azpeitira etorri berriei egiten zaien harrera gertutik ezagutu, baloratu eta harrera protokoloa berritzeko asmoz. “Prozesu horri esker, herrian dugun errealitatearen argazki eguneratu bat egin dugu, eta bi aurrerapauso nagusi eman dira”, azaldu du Goenagak. 

Alde batetik, harrera protokolo integrala jarri da martxan. Etorri berriei harrera errazteko asmoz, erroldatzera joaten direnean, herriko baliabideen inguruko gida bat ematen zaie guztiei, euskaraz, gazteleraz, arabieraz, urduz, ingelesez edo frantsesez, eta bideoak ere egin ditu udalak herriko zerbitzuak ezagutarazteko. Horrez gain, aldian behin, ongi etorri saioak antolatzen ditu udalak. Erroldatu diren pertsona guztiak banan bana gonbidatzen dira saiora, eta herriko eragileen laguntzarekin, herriko baliabideen berri ematen zaie, etorri berriak herriko eragileetara eta komunitatera gerturatzeko. 

Bestetik, prozesuaren baitan, ikusi da herrian jada badaudela aniztasuna eta bizikidetza lantzeko hainbat proiektu, bai udalak kudeatzen dituenak, bai herriko beste eragile batzuek kudeatzean dituztenak. 

Goenagaren hitzetan, erronkari “integraltasun handiagoarekin” heldu nahi zaio orain, eta kulturartekotasunean eta bizikidetzan eragiteko politika publikoak artikulatzen jarraitzeko, Aniztasun eta Bizikidetza Mahaia sortu da. Gaur-gaurkoz, udal mailako mahaia da, baina aurreko urteetan aniztasun jaien antolaketan parte hartu duten taldeekin elkarlanean ari da mahaia.

“Mahai horren emaitza da azaro amaieran egingo den zikloa. Helburu hauek ditu: bizikidetzan eragitea, jatorri ezberdinetako herritarrek elkar ezagutzeko guneak sustatzea, pertsona migratuen parte-hartze aktiboa bultzatzea eta aurreiritziak eta estereotipoak deseraikitzen joatea”. Azaroko ekintzez gain, ikasturte osoan egingo direla lanketak gehitu du Goenagak.

Aitor Beloki gizarte langileak eman ditu zikloaren xehetasunak. 

  • Azaroak 15 (larunbata), 17:00etan, Soreasu antzokian, Gure Kanoa antzezlana. 43. Euskal Antzerki Topaketetako egitarauaren barruan antolatua, familientzako antzezlana da, eta kultura ezberdinen arteko errespetuaren eta elkarrizketaren garrantzia lantzen ditu. Antzerki Topaketen webgunean daude salgai sarrerak. 
  • Azaroak 20 (osteguna), 18:00etan, Azoka Plazako aretoan, atzerritarren araudi berriko aldaketa nagusiei buruzko hitzaldia. Aurtengo maiatzean sartu zen indarrean araudi hori, eta zenbait zalantza eta kezka eragiten ditu. SOS Arrazakeriako kideek emango dituzte azalpenak (gazteleraz). Egun horretan, udal langileek ere jasoko dute formazioa, haiek ere badirelako “harreragileak” eta komenigarri ikusi delako araudiaren nondik norakoak ezagutzea.
  • Azaroak 24 (astelehena), 11:00etan, San Martin egoitzan, hainbat jatorritako (Senegal, Peru, Maroko…) azpeitiarren lekukotzak. Oraindik ere aurreiritzi handiak daude jatorri ezberdinetako pertsonekiko, eta aurreiritzi horiek puskatzeko tresnarik eraginkorrena elkar ezagutzea dela iritzita, elkar ezagutzeko espazioak sortzea da helburua; kasu honetan, adinekoekin egingo da lanketa. Azaroaren 26an (asteazkena), 11:00etan, gauza bera egingo da Bistaeder eguneko zentroan.
  • Azaroak 26 (asteazkena), 15:30ean, Basazabal Jauregian, Azpeitira etorri berri direnei ongi etorri saioa, herriko eragileekin elkarlanean. Laugarren ongi etorri saioa izango da.
  • Abenduak 3 (asteazkena) , 17:30ean, Basazabal jauregian, atzerriko ikasketen homologaziori buruzko informazio saioa. Bidez Bide elkarteko kideek eskainiko dute, eta gazteleraz izango da.

60 guraso, Etorri euskarara ikastaroetan

2023-2024 ikasturtean, Euskara eta Kulturartekotasuna proiektua jarri zen martxan, euskara komunikazio hizkuntza gisa indartu, eta herrian dauden gainerako hizkuntza eta kulturekiko abegikortasuna eta errespetua sustatzeko. Hainbat proiektu egin da ikastetxeekin eta herriko eragileekin, eta horren adibideetako bat da aurtengo ikasturtean antolatu den Etorri euskarara proiektua. 

Udalak, udal euskaltegiak eta UEMAk herriko ikastetxeetan batera martxan jarri duten ekimena da, helburu argi eta estrategiko batekin: euskaraz ez dakiten gurasoek euskara modu praktikoan eta eraginkorrean ikasteko aukera izatea, beren seme-alaben ikastetxean bertan, eta eskola orduetan. Hasiera ona izan du, 60 ikasle inguru animatu baitira, eta sei talde sortu baitira. Urritik ekainera arteko ikastaroa izango da, eta astean bitan, bi orduko saioak jasoko dituzte.