Machine translation

Aniztasun Festa egingo da maiatzaren 22an, aniztasunak dakarren aberastasuna plazaratzeko eta aldarrikatzeko

2026/05/12
Kultur Aniztasunaren Nazioarteko Eguna da maiatzaren 21a, eta Azpeitiko Udaleko Aniztasun eta Bizikidetza Mahaiak zenbait jarduera antolatu ditu datozen egunetarako, herritarren arteko elkar ezagutza sustatzeko, kulturarteko harremanak indartzeko eta aniztasunari balioa emateko helburuarekin.
Aniztasun Festa egingo da maiatzaren 22an, aniztasunak dakarren aberastasuna plazaratzeko eta aldarrikatzeko

Ekimen nagusietako bat Aniztasun Festa izango da. Herritarren eskaerari erantzunez antolatu da, eta maiatzaren 22an (ostirala) egingo da, 17:30etik 20:00etara, plazan. Ez da lehen aldia izango; aurreko urteetan ere antolatu izan dira beste edizio batzuk.

Besteak beste, Venezuela, Sahara, Senegal, Mali, Nigeria eta Hondurasko ordezkariek parte hartuko dute

Aurten ere, jatorri eta kultura ezberdinetako herritarrek beren herrialdeetako produktuak, janariak, ohiturak eta kultur adierazpenak partekatuko dituzte. Momentuz, besteak beste, Venezuela, Sahara, Senegal, Mali, Nigeria eta Hondurasko ordezkariak daude baieztatuta. Horrez gain, gobernuz kanpoko erakundeek eta herriko elkarteek ere parte hartuko dute.

Festa herritar guztiei irekita egongo da, eta aurten haurrentzako txoko berezi bat ere prestatuko da. Bertan, munduko hainbat lekutako jolasak ezagutzeko aukera izango dute haurrek, baita margotzeko eta bestelako jarduera batzuk egiteko aukera ere.

Ekimen mota hauek baliagarriak dira bizikidetza sendotzeko eta herri kohesionatuago bat eraikitzeko, eta, horregatik, udalak azpeitiar guztiak animatu nahi ditu festan parte hartzera.

Ongi-etorri saioa eta hezkuntzako harrera gida familientzat

Kultur Aniztasunaren Nazioarteko Egunaren bueltako ekitaldiekin jarraituz, ongi-etorri saioa ere egingo da maiatzaren 27an (asteazkena). 2024an egin zuen Azpeitiko Udalak harrera protokoloa, herrira iritsi berriei orientazioa eta gertuko laguntza eskaintzeko helburuarekin. Protokolo horren baitan, herriko baliabideen gida osatu zuen, eta aldiro-aldiro ongi-etorri saioak antolatzen hasi ziren.

2025eko azarotik aurrera Azpeitira etorri diren herritarrak gonbidatuko dira ongi-etorri saiora

Aurtengo lehen ongi-etorri saioa izango da maiatzaren 27koa. 2025eko azarotik aurrera Azpeitira etorri diren herritarrak gonbidatuko dira. Udaletxeko 5. solairuan izango da saioa, 15:15ean hasita.

Bestalde, aurten hezkuntzako harrera gida berria ere sortu da familientzat, hainbat hizkuntzatan. Gidaren helburua da ikasle iritsi berrien familiei euskal hezkuntza sistemaren inguruko orientazioa eskaintzea eta integrazio prozesua erraztea.

Dokumentuak, besteak beste, hezkuntza etapei, hizkuntzei, ikastetxeen funtzionamenduari eta matrikulazioari buruzko informazioa jasotzen du. Horrez gain, herriko kultura, aisialdi eta bestelako baliabideen inguruko informazioa ere eskaintzen du.

Ez-ohiko erregularizazio prozesurako aholkularitza zerbitzua

Horrez gain, udalak herritarrei gogorarazi nahi die, ez-ohiko erregularizazio prozesuaren harira, aholkularitza zerbitzua indartu duela, SOS Arrazakeriarekin elkarlanean.

Zerbitzua erabiltzeko, aurrez hitzordua hartu behar da. Horretarako, herritarrek SOS Arrazakeriaren 943 24 56 26 edo 943 24 56 27 telefono zenbakietara deitu ahal izango dute, edo bestela Azpeitiko Udaleko Gizarte Zerbitzuetako 943 15 71 92 zenbakira.