Machine translation

Ezohiko erregularizazio prozesuan laguntzeko,  hainbat neurri jarriko ditu martxan udalak

2026/04/24
Apirilaren 16an, ezohiko erregularizazio prozesua hasi zen asiloa eskatu duten edo administrazio egoera irregularrean dauden atzerritarrentzat. Prozesu horretan herritarrei laguntzeko asmoz, SOS Arrazakeriarekin lankidetzan, prozesuari lotutako aholkularitza zerbitzua indartuko du udalak.
Ezohiko erregularizazio prozesuan laguntzeko,  hainbat neurri jarriko ditu martxan udalak

Orain arte, arreta ostiral goizez eskaintzen zen Aholku Sarearen baitan; lankidetza honi esker, aurrerantzean ostiral arratsaldetan ere izango da zerbitzua Azpeitian erroldatuta daudenentzat. 

Enparan kaleko 6. zenbakian duten bulegoan (3. solairua) egongo dira SOS Arrazakeriako kideak (15:30-19:30), maiatzaren 8an hasita. Txanda hartzeko, SOS Arrazakeriara (943 245 626 / 943 245 627) edo Azpeitiko Gizarte Zerbitzuetako telefonora (943157192) deitu behar da. Ekainaren 30ean amaituko da ezohiko erregularizazio prozesuko dokumentuak aurkezteko epea, eta ordura arte eskainiko da ostiral arratsaldetako zerbitzua. 

Zerbitzu horretan, prozesuaren inguruko zalantzak argitu eta espedientea prestatzen lagunduko da; eskaera, ordea, herritarrak berak aurkeztu behar du, horretarako ezarrita dauden kanalen bidez. 

Informazio saioa, asteartean

Aholkularitza juridikoaren ordutegia luzatzeaz gain, udalak informazio saio bat ere antolatu du herritarrentzat. Hitzaldia apirilaren 29an izango da, 18:00etan, Basazabalen, eta SOS Arrazakeriako kideek emango dute (gazteleraz). Saioan, ezohiko erregularizazio prozesuaren xehetasunak azalduko dituzte. 

Tramitazioan, errolda historikoa da aurkeztu behar den dokumentuetako bat. Herritarren arreta zerbitzuan eska daiteke. Zaurgarritasun txostena behar dutenek, berriz, Gizarte Zerbitzuetara jo behar dute. Dagoeneko berrehun herritar ingururi prestatu dizkiete zaurgarritasun txostenak Gizarte Zerbitzuetan.