Ongietorria jaso dute Azpeitian erroldatu berriek
2026/05/27Azpeitiko Udalak ongietorri eman die iazko azarotik aurtengo apirilera bitartean herrian erroldatu direnei. Saioan 30 lagun inguru elkartu dira, eta helburua izan da herrira egokitzeko lehen urratsak erraztea eta herrian dauden baliabide eta zerbitzuen berri ematea.
Udaletxean izan da ongietorria. Nagore Alkorta alkateak Azpeitian dauden zerbitzu eta baliabideei buruzko azalpenak eman dizkie bertaratu direnei. Era berean, Udal Euskaltegiko eta Helduen Hezkuntza Zentroko kideek ere parte hartu dute, eta bi baliabide horietan zer eskaintza dagoen aurkeztu dute.
Euskaraz egiten dira ongietorri saioak, itzulpen zerbitzuarekin, euskarak Azpeitian duen garrantziaren berri izan dezaten herrian erroldatu berri direnek. Ordubete inguruko aurkezpenaren ostean, elkarrekin mokadutxo bat egin dute guztiek.
Azpeitiko Udalak 2024ko azaroan egin zuen lehen aldiz halako ongietorri ekitaldi bat, eta ordutik aldiro-aldiro antolatzen ditu.
