Harrera egin diete uda eskualdean pasatuko dute Saharako haurrei
2026/07/10Oporrak Bakean programaren bidez eskualdera etorri diren Saharako haurrei ongi etorria egin diete, gaur arratsaldean, Azkoitian. Azpeitiko Udalaren izenean, Leire Goenaga zinegotziak eskerrak eman dizkie Darahli elkarteari, harrera familiei eta Bakeleku udalekuetako boluntarioei, urtez urte Oporrak Bakean programa posible egiteagatik.
Bereziki pozgarritzat jo du, aurten, lehen aldiz, Bakeleku udalekuak Azpeitiko Ikasberri ikastolan egitea. “Guretzat ohorea da zuek gure herriko txokoetan eta gure herriko haurrekin batera jolasten ikustea”.
Gaurko ekitaldian, okupatu zutenetik 50 urte pasatu diren arren, Saharako auziak konpondu gabe jarraitzen duela eta elkartasunak ezinbestekoa izaten jarraitzen duela gogorarazi dute.
Ondoren, uretako jolasez gozatzeko aukera izan dute umeek.
