Apirilaren 24ean eta 25ean, elkarrekin hausnartzeko eta saretzeko hitzordua izango dute Azpeitian euskaltzaleek
2026/03/13
Orain bi urte Villabonan egindako lehen topaketan,hiru helburu nagusi jarri zituztela kontatu zuten EHEko kideek: “Alde batetik, prozesu euskaltzaleak eta burujabetzaren aldekoak elkar nola elikatu edota indartu dezaketen gogoetatzea; bestetik, euskalgintzaren erronka berrien inguruan hausnartu eta horiek Euskararen Errepubikaren norabidean kokatzea; eta azkenik, euskaltzale independentiston komunitatea saretzea eta indartzea”.
Azpeitiko topaketak ere hiru xede nagusi horietan ardaztuko direla azaldu zuten. “Edonola ere, helburuak berak izan arren, abiapuntua ez da berdina; izan ere, 2023az geroztik, bai Euskal Herrian Euskaraz bera, baina baita Euskal Herria eta mundua ere asko aldatu dira. Aldaketa horiek aukera, mehatxu nahiz erronka berriak jarri dizkigu parez pare eta, aurrera egingo badugu, horiek identifikatzea eta kudeatzea ezinbestekoa da”.
Udalaren izenean, Aitor Larrañaga Euskara batzordeburuak ere hitz egin zuen. Topaketak egitea eta topaketak Azpeitian egitea, bata zein bestea jo zituen interesgarri. “Seguru gaudelako bi egun horietan ateratzen diren hausnarketek eta sor daitezkeen harreman eta saretzeek lagundu baino ez dutela egingo euskararen suspertzean eta herrian ere eragin sozial eta kultural positiboa utziko dutela”.
Ostiral arratsaldean hasita, bi egunez egingo da II. Euskaltzale Independentiston Topaketa. Hauxe da egitaraua:
Apirilak 24, ostirala
- 18:00 – 20:00 Ongi etorri Euskararen Errepublikara.
- 20:30 Kontzertu akustikoa Orkatz Tabernan.
- 22:00 Pala partidak: Martija-Prieto vs. Sanchez-Alkorta (pala motza) eta Urain-Gutierrez vs. Aizpuru-Rosa (gomazko paleta).
Apirilak 25, larunbata
- 10:00-12:00 Euskaratik Independentziara (mahai-inguru nagusia).
- 12:30 Joaldunak.
- 13:00 Ekitaldi politikoa.
- 14:00 Bazkaria.
- 16:00–19:00 Tailerrak (bi txanda, 16:00-17:30 eta 17:30-19:00).
- Gazteak eta aisialdia euskaraz: ekosistema oso baten beharra.
- Desobedientzia zibila iraultzarako tresna.
- Gauzak ez dira horrela, gauzak horrelaxe daude. Euskal Herriko egoera soziolinguistiko askotarikoa.
- Kaleak euskaraz: mural margoketa (tailer praktikoa).
- Intersekzionalitatea: teoriatik praktikara.
- Euskararen Errepublika eta panorama geopolitikoa: aukerak, mehatxuak, erronkak.
- Kultur sistema sendo bat bai, baina nola?
- Izan zaitez eduki sortzaile! (tailer praktikoa).
- 19:00 Musika kalez kale
- 22:00 Kontzertuak: Tapia eta Leturia Band eta Maruxak.
- Ondoren, DJak Orkatz eta Korrale tabernetan.
