Azpeitiko Udalak bat egin du Euskalgintzaren Kontseiluak ekainaren 13rako antolatuko ekitaldiarekin
2026/06/03
Euskaltzaleon Martxa lelopean, ekainaren 13an Iruñeko kaleak betetzeko martxa jendetsura deitu du Euskalgintzaren Kontseiluak. Deialdiaren helburua euskararen aldeko arnasa soziala hauspotzea eta hizkuntza politiketan beharrezkotzat jotzen den jauziari bultzada ematea da.
Mobilizazioa arratsaldeko 17:00etan hasiko da. Hiru puntu ezberdinetan bilduko dira herritarrak, eta puntu horietatik zutabetan abiatuko dira, Gazteluko plazan bat egiteko. Zutabeetako bakoitzak euskarak behar duen Pizkunderako ezinbestekoak diren hiru oinarrietako bana ordezkatuko du: ofizialtasun osoa, jauzia hizkuntza politiketan eta euskaltzaletasuna.
Ekainaren 13ko mobilizazioa 2024an abiatutako ildotik kokatu du Kontseiluak: euskararen egungo larrialdi linguistikotik indarraldira eramateko bidean, Pizkunde berri baten premia gizarteratzea.
Iruñera joan ahal izateko, autobusa antolatu du Azpeitiko Euskara Mahaiak. 5 euro balioko du joan-etorriak. 15:00etan aterako da autobusa anbulatorio aurretik.
