Argitaratu dituzte Santutxoko eta Erdikaleko babes ofizialeko etxeen eta etxe tasatuen oinarri arautzaileak
2026/07/17
Santutxoko promozioa 28 etxebizitzakoa da: horietatik hamar babes ofizialeko etxebizitza erregimenekoak izango dira, eta hemezortzi etxebizitza tasatu erregimenekoak. Horrez gain, Erdikalean ere erregimen tasatuko hamabi etxebizitza egiten ari da udala. Aurrera doaz bi prozesuak, eta gaur argitaratu dituzte oinarri arautzaileak Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (GAO).
Oinarri horietan ageri da zozketetan parte hartu ahal izateko gutxieneko eta gehieneko diru sarrerak zein diren, zer errolda betekizun eskatzen diren eta gainerako baldintzak zein diren. Gogoratu behar da Santutxoko babes ofizialeko etxebizitzetan izena emateko beharrezkoa dela Etxebiden alta egoeran egotea azaroaren 1a baino lehen. Ez denez egun batetik bestera egiten den tramitea, garaiz ibiltzeko aholkatu du udalak.
Behin oinarriak argitaratuta, izen ematea zabaltzea izango da hurrengo urratsa. Udazkenean egingo da hori, eta esleipen zozketa urtea amaitu baino lehen egitea aurreikusten da. Elkarrekin egingo dira bi promozioen zozketak; hau da, Santutxoko eta Erdikaleko 40 etxeenak.
- Azpeitiko "4.1 Santutxo" eta "1.2 Done Jakue 3" lurzatietan eraikiko diren babes ofizialeko 10 etxebizitza, dagozkien garaje eta trastelekuekin batera, jabetza-araubidean esleitzeko oinarriak.
- Azpeitiko "4.1 Santutxo" eta "1.2 Done Jakue 3" lurzatietan eraikiko diren araubide bereziko 18 udal etxebizitza tasatu, dagozkien garaje eta trastelekuekin batera, jabetza-araubidean esleitzeko oinarriak.
- Azpeitiko "Erdikale 13"n eraikiko diren araubide orokorreko 12 udal etxebizitza tasatu, dagozkien trastelekuekin batera, jabetza-araubidean esleitzeko oinarriak.
Informazio gehiago nahi duenak Azpeitiko Etxebizitza Bulegora (Enparan kalea, 34) jo dezake.
