Machine translation

Santutxoko babes ofizialeko etxebizitzen zozketan parte hartzeko, Etxebiden izena emanda egon beharko da, alta egoeran, azaroaren 1a baino lehen

2026/04/17
Bere bidean aurrera doa Santutxoko 28 etxebizitzen promozioa. Horietatik hamar babes ofizialeko etxebizitza erregimenekoak izango dira, eta hemezortzi etxebizitza tasatu erregimenekoak. Horrez gain, Erdikalean ere erregimen tasatuko hamabi etxebizitza egiten ari da udala.
Santutxoko babes ofizialeko etxebizitzen zozketan parte hartzeko, Etxebiden izena emanda egon beharko da, alta egoeran, azaroaren 1a baino lehen
Etxeen irudia orientagarria da, ez behin betikoa

Etxebizitza horien esleipena bi erregistro independenteren bidez egingo da:

1.Babes ofizialeko etxebizitzak (10 etxe Santutxon). Etxebideko erregistroa.

Etxebizitza hauen esleipen prozeduran parte hartzeko, beharrezkoa izango da bi baldintza hauek betetzea:

  • Etxebiden izena emanda egotea: alta egoeran, erosketa erregimenean, eta eskuratzeko herria Azpeitia jarrita. Azaroaren 1a baino lehen. Kontuan izan behar da izena ematen denean ez dela automatikoki altan jartzen eskaera, denbora behar dela.
  • Etxebiden alta emateaz gain, beste eskaera bat egin beharko da zozketan parte hartzeko nahia adieraziz; oinarri arautzaileak argitaratzen direnean jakinaraziko da zozketan parte hartzeko izen-emate epea zein den. Eskaera hori betetzeko, beharrezkoa izango da Etxebideko espediente zenbakia.

2.Etxebizitza tasatuak (18 etxe Santutxon + 12 etxe Erdikalean). Udal erregistroa.

Etxebizitza horien esleipen prozeduran parte hartzeko, udal erregistroan izena eman beharko da horretarako zehaztuko den epean, Etxebizitza Bulegora joanda (Enparan kalea, 34) edo www.azpeitia.eus atariaren bidez.

Uda aurretik argitaratuko dira Santutxoko eta Erdikaleko etxebizitzen oinarri arautzaileak, eta oinarri horietan zehaztuko dira zozketetan parte hartu ahal izateko baldintzak. Esleipen zozketa urtea amaitu baino lehen egitea aurreikusten da. Elkarrekin egingo dira bi promozioen zozketak; hau da, 40 etxeenak.