Itzulpen automatikoa / Machine translation

  • Haur eta gazteak
  • Ongizatea

Aspanogiren bandera pirata ibiltaria udaletxeko balkoian egongo da astelehenera arte

2025/09/23
Haur minbiziaren sentsibilizaziorako hilabetea da iraila, eta Aspanogi elkartearen Bandera pirata ibiltaria ekimenarekin bat egin du Azpeitiko Udalak. Herritarrek haur minbiziaren inguruan kontzientzia hartzea da ekimen horren helburua.
Aspanogiren bandera pirata ibiltaria udaletxeko balkoian egongo da astelehenera arte

Gaurtik datorren astelehenera (irailak 29) arte egongo da bandera udaletxeko balkoian, laguntza, ikusgarritasuna eta gertutasuna adierazteko minbizidun haurrei, nerabeei eta haien familiei.

Aspanogi Gipuzkoako minbizia duten adingabeen familien elkartea da. Irabazi asmorik gabeko erakundea da, eta urte osoan zehar arreta psiko-soziala eskaintzen du ospitaleetan eta ospitalez kanpo. Sentsibilizazio-jardueren bidezko esku hartze soziala ere funtsezkoa da elkartearentzat, esku hartze integrala egiteko.