Machine translation

Urrestillako haur eta gaztetxoentzako bi zerbitzuak, martxan

2026/11/06
Berrikuntza nagusi batekin dator ikasturte honetako eskaintza; izan ere, 7-12 urte bitartekoentzako zerbitzua ostiralero egongo da zabalik.
Urrestillako haur eta gaztetxoentzako bi zerbitzuak, martxan

Jolasa, aisialdia eta lagunartea uztartzeko, kanpoko espazioez gain, barruko bi zerbitzu ere badituzte Urrestillako umeek: alde batetik, 0-6 urte bitarteko umeentzako zerbitzua (Zerralde kalean), eta, bestetik, 7 eta 12 urte bitartekoentzako zerbitzua (Kaletxikin). Azpeitiko Udalak margotu egin ditu bata zein bestea, eta material berria ere jarri du txikienen zerbitzuan. Dagoeneko erabilgarri daude.

Gainera, urrestildarrek egindako eskaerari erantzunez, Kaletxikiko espaziora ostiralero joango da Gazteriako hezitzailea ikasturte honetan, haurrekin jarduerak egiteko eta aisialdia dinamizatzeko; hau da, bi astean behin beharrean, astero egongo da zabalik zerbitzua, 17:30etik 19:30era.

Bi zerbitzuak doakoak diren arren, erabiltzaile izateko beharrezkoa da Gazteria Sailean izena ematea. 0-6 urte artekoen zerbitzuan, familiako txartel bat ematen da, eta gurasoak dira umeen arduradun. Astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 20:00etara egoten da zabalik espazioa. 7-12 urteko zerbitzuan, hezitzaileak ireki eta ixten du zerbitzua, baina izena eman behar dute erabiltzaileek.