Bihar arratsaldean irekiko dute behin-behinean Izarraizko Ateko ur txorroen eremu berria
2026/06/25
Gutxi falta da Izarraizko Ateko ur eremu berriaz gozatu ahal izateko. Instalazioa eginda dago, eta segurtasunez erabiltzeko moduan ere bai. Horregatik, bihar goizean azken ukituak eman ostean, arratsaldean irekiko du udalak behin-behinean eremu berria.
Jolas elementu batzuk jartzea falta da (ur pistolak…). Datorren astean dira iristekoak, baina gunea irekitzeko jolas horien zain egon ordez, eta kontuan hartuta zer bero egiten ari den, txorro berriak ireki egingo ditu udalak, umeek jolaserako espazio atsegin eta fresko bat izan dezaten.
Lehendik zegoen txorroen eremua ekainaren 12an zabaldu zuen udalak, eta erabilera handia du, bai gurasoekin edo lagunekin joaten diren umeen aldetik, bai udaleku eta bestelako taldeen aldetik. 09:00etatik 21.00etara funtzionatzen dute txorroek, pultsadore sistema baten bidez.
