Jolasa eta eskubideak uztartuko dituen ginkana, ludotekek antolatuta
2026/11/16Haurren Eskubideen Nazioarteko Eguna izango da azaroaren 20an (ostirala), eta Azpeitiko ludoteketako hezitzaileek haurren eskubideen ginkana antolatu dute egun horretarako. Jardueraren bidez, herriko haurrek eta haien gurasoek edo arduradunek arratsalde dibertigarri batez gozatzeko aukera izango dute, jolasa eta hausnarketa uztartuz.
Ginkana horren helburua da haurren eskubideen inguruan kontzientzia piztea eta haur zein helduentzako jolaserako espazio seguru bat sortzea. Izan ere, jolasa haurren oinarrizko eskubideetako bat da, eta horren garrantzia azpimarratu nahi dute antolatzaileek.
Ekintza ostiralean, azaroaren 20an, 17:30ean hasiko da, Jose Antonio Agirre plazan. Handik abiatuta, parte hartzaileek Sanjuandegi auzoko hainbat txoko zeharkatuko dituzte, ginkana osatzen duten probak eta erronkak gainditzeko.
Jarduera haurrek eta helduek elkarrekin egiteko pentsatuta dagoenez, parte hartzen duten haurrak ez dira ludoteketako hezitzaileen ardurapean egongo.
