Astelehenean hasiko dituzte Done Jakueko topalekuko obrak
2026/04/10
Haizete batek Gernikako Arbola bota ostean, zabalgune bat geratu zen Done Jakue kalean, Frontoi Txikiaren ondoan. Udalak aukera aprobetxatu zuen eremu horrek izan beharreko erabilera herritarrekin batera erabakitzeko, eta partaidetza prozesu bat jarri zuen martxan, Hiritik At eta OinHerriren laguntzarekin.
Lehentasunezkotzat jo ziren herritar taldeek (Alde Zaharreko bizilagunak, haur eta nerabeak, zaintzaileak…) eta eremu hori erabiltzen zuten eragileek (Ilunpe, Marea Urdina…) egindako ekarpenak jaso ostean, proposamen bat landu zen, eta jendaurrean aurkeztu ere bai.
Espazio libre baten aldeko hautua
Astelehenean hasiko dira partaidetza prozesu horretatik ateratako emaitza gauzatzen. Hain zuzen, espazio libre baten aldeko hautua egin dute prozesuan parte hartu dutenek: oztoporik gabekoa, multifuntzionala eta goxoa izan dadila eskatu dute, baita landare gehiago edukitzea ere. Estalki bat ere izango du eremuak, frontoiari itsatsita.
Eremua bera zertxobait handitu egingo da, zenbait aparkaleku kenduz eta haien ordez bankuak eta landareak jarriz. Harmailak, ping pongeko mahai bat eta abar ere jarriko dira. Horrez gain, lurra aldatu eta berdindu egingo da, irisgarriagoa izan dadin.
