- Azpiegiturak
Astelehenean hasiko dituzte Etxe Alaiko bigarren faseko lanak
2025/11/07
Azpeitiko Udalak hiru fasetan banatu du Etxe Alai auzoaren berrurbanizazioa. Urte hasieran amaitu zituen lehen faseko lanak, 4 eta 9 zenbakien arteko atzeko aldera ematen duen zatikoak, eta astelehenean, azaroak 10, bigarren faseko lanei ekingo die.
Kale bat goragoko eremua hartzen du fase berriak; hau da, 4 eta 9 zenbakien arteko aurreko aldea. Azpiegiturak berrituko ditu udalak (espaloiak, eskailerak, saneamendua…). 314.700 euroko inbertsioa egingo du, eta Art Eraikuntzak enpresari esleitu zaio obra.
Aurreikuspenen arabera, bi hilabete eta erdi beharko dituzte lanak bukatzeko. Gaur egun, Iraurgi ikastetxea irekita egoten da gauetan aparkatzeko, Santutxotik sartuta. Etxe Alaiko lanek iraun bitartean, goiko aldean ere aparkatu ahal izango da gauez. Auzoa berrurbanizatzeko hirugarren fasea ere epe laburrean aterako da lizitaziora, eta datorren urtean gauzatuko dituzte lanak.
Zenbait obra, amaitu berri
Etxe Alaitik gertu, gaur bertan dira amaitzekoak Arana kaleko 9 eta 17 zenbakien arteko espaloia berritzeko lanak. Euskal Herria auzoko bidegorria Azpeititik Azkoitira doan bidegorriarekin lotzeko obrak ere bukatu dituzte.
