Azpeitiak ere bat egin du esnatzeko deiarekin
2026/11/12
Azpeitia arnasgune bat da. Euskara da gure herriko eguneroko hizkuntza, gure kaleetan, plazetan, harremanetan eta bizitzeko moduan arnasten dena. Baina hori ez dago bermatuta etorkizunerako. Arnasguneak ahultzen ari dira, eta euskararen etorkizunak neurriak hartzea eskatzen du. Horregatik, UEMAk sustatutako Esnatu dinamikarekin bat egin du Azpeitiak ere. Azaroaren 18an (asteazkena), Ale Goikoetxea UEMAko teknikariak ekimenaren nondik norakoak azalduko ditu, 18:00etan, Azoka Plazako aretoan.
UEMAk eskatuta Siadeco ikerketa taldeak egindako Norantz doa euskara? Hego Euskal Herria, 2036. Proiekzio demolinguistikoa ikerketak ohartarazpen argia egin du: egungo joerek bere horretan jarraituz gero, euskararen lurgune euskaldunena nabarmen ahulduko da, eta hamar urte barru arnasguneak ia desagertzeko arriskua dago.
Azpeitia bezalako herriak ezinbestekoak dira euskarak arnasa hartzen jarrai dezan. Izan ere, arnasguneak dira euskararen erabilera naturala eta bizia bermatzen duten eremuak, eta horiek ahultzeak euskararen egoera orokorra are gehiago larriagotuko luke.
Azken hamarkadetan lan handia egin da euskararen biziberritzean, baina egindako bidea ez da nahikoa egungo erronkei aurre egiteko. Bilakaera demografikoak, teknologia berriek, mundu mailako aldaketek eta bizi ohitura berriek eragina dute euskararen egoeran.
Horri erantzuteko sortu da Esnatu dinamika. UEMAk 2026ko otsailean aurkeztutako lurralde estrategiaren ildotik, udalerri euskaldunen indarra eta ardura uztartu nahi ditu, lurgune euskaldunena euskararen indarberritzerako ardatz estrategiko gisa sendotzeko. Horretarako, erakunde, talde, elkarte eta eragileak elkarlanean ari dira, egoera iraultzeko konpromisoak hartzen.
Apirilaren 14an egin zuten lehen urratsa 18 eragilek, ekimenarekin bat egin eta beren konpromisoen berri emanez. Baina dinamika ez da erakundeetara mugatzen: herrietako eragileek eta herritarrek ere badute zeresana eta zeregina.
Azpeitiko hitzordua, beraz, aukera bat gehiago izango da: gure herriak euskararen etorkizunean duen garrantziaz jabetzeko, bizi dugun egoera ezagutzeko eta bakoitzak egin dezakegun ekarpenaz hausnartzeko aukera. Arnasgune izatea ez da berez mantentzen den zerbait; egunero elikatu, zaindu eta indartu beharreko errealitatea da.
Azaroaren 18ko saioan, Ale Goikoetxea UEMAko teknikariarekin batera, hiru gai landuko dituzte ordu eta erdian:
- Euskal Herriko eta Azpeitiko egoera soziologikoaren diagnostiko laburra
- UEMAK aurkeztu duen Lurralde Estrategiaren aurkezpena
- Zer egin dezakegu Azpeitiko eragileok udalerri euskaldunei eusteko?
Hitzaldiaren ostean mokadutxoa egongo da Azoka Plazan.
