- Kirola
Azpeitian jokatuko dute Ados Pilotaren binakako txapelketako finala
2025/12/24
Ados Pilotak 2026ko binakako txapelketa aurkeztu zuen atzo Azpeitian, lehiaketaren hazkundea berretsiz; izan ere, bi maila nagusi izango ditu txapelketak: promozio mailakoa eta lehen maila.
Promozio mailan, lau bikotek hartuko dute parte: Arruti – Alberro, Iriarte – Ernaga, Gomez – Sotil eta Sagardui – Etxeberria (bikoterik gazteena). Aipagarria da pilotarien erdiak Ados Pilotako eskolako harrobikoak direla.
Lehen mailan, sei bikote ariko dira: Iturriaga – Orbegozo azpeitiarra, Barrokal – Perez, Oskoz – Arrastia, Mujika – R. Larramendi, Aranburu – Mendiburu eta Gomez – Agirre.
Txapelketa abenduaren 27an hasiko da Larraintzarren eta 2026ko martxoaren 28an amaituko da Azpeitiko final handiarekin. Aurten ere 25 udalerri baino gehiagok hartuko dituzte partidak.
Azpeitiko Udalaren babesa
Aurkezpen ekitaldian, Ion Oteiza Azpeitiko Udaleko Kirol batzordeburuak hartu zuen hitza, eta Ados Pilota egiten ari den lana goraipatu zuen: "Emakumeen pilota ikusgarri egiteko ahalegina egiteaz gain, emakumeek pilotan jarraitu ahal izateko aukerak sortzen ari zarete, eta benetan eskertzekoa da hori".
