Machine translation

Azpeitiko bazterrak margolan bihurtzen dituen lehiaketaren bosgarren edizioa, igande honetan

2026/04/28
Txoko eder ugari ditu Azpeitiak, margolan batean jasotzeko modukoak, eta horietako batzuk aukeratu eta marraztuko dituzte sortzaileek igande honetan (maiatzak 3) egingo den kale pintura lehiaketan.
Azpeitiko bazterrak margolan bihurtzen dituen lehiaketaren bosgarren edizioa, igande honetan

Azpeitiko Udalak eta Arte eta Diseinu Eskolak bosgarren aldiz antolatu dute egitasmoa, eta urtez urte sendotzen eta ezagunago bihurtzen ari da. Iaz, esaterako, 24 lagunek parte hartu zuten helduen kategorian, eta seik gaztetxoen eta haurren kategorietan. 

Nahi duen edozeinek izaten du kale pintura lehiaketan parte hartzeko aukera, kopuruan mugarik gabe. Margolanak kalean bertan egin beharko dira, Azpeitiako udalerriaren barruan, eta parte hartzaileek nahi duten teknika eta materiala erabili ahal izango dute. Hala ere, lanek originalak eta argitaratugabeak izan beharko dute.

Euskarriak lehiaketa egunean bertan zigilatuko dituzte, 09:00etatik 11:00etara, Betharram erakusketa aretoan. Aurrez prestatuta eraman ahal izango dira, baina ezin izango dute inolako marrazki edo arrastorik izan, eta gainera, euskarriak gogorrak izan beharko dute, ondorengo erakusketarako egokiak izan daitezen. Behin lanak amaituta, egileek 13:00etatik 13:30era bitartean aurkeztu beharko dituzte toki berean, datu pertsonalekin batera.

Epaimahaia erabakia hartzen ari den bitartean, parte hartzaile guztiek mokadu bat izango dute Sanagustin kulturgunean, eta haurrei goxokiak banatuko dizkiete lanak entregatu ondoren. 14:30 bueltan jakinaraziko dituzte irabazleen izenak, Betharramen egingo den sari banaketan.

Lanik onenarentzat, 800 euro

Helduen mailan lehen saria 800 eurokoa izango da, bigarrena 500 eurokoa, eta herritar saria 300 eurokoa. 16 urtetik beherakoentzat, berriz, bi sari banatuko dituzte, adin tarteen arabera (12-16 urtekoak eta 12 urtetik beherakoak) eta irabazleek arte materialez osatutako sariak jasoko dituzte. 

Lehen bi sariak lortzen dituzten lanak udalaren esku geratuko dira, eta aurkeztutako lanekin erakusketa bat antolatuko dute Betharram aretoan, maiatzaren 4tik 17ra bitartean, egileen baimenarekin. Lehiaketan parte hartzeak oinarriak onartzea dakar, eta antolatzaileek adierazi dute beharrezkotzat jotzen dituzten moldaketak egiteko aukera izango dutela.

Aitzakia ederra da lehiaketa Azpeitira etorri eta herria beste modu batera ezagutzeko. Alabaina, antolatzaileek dei berezi bat egin nahi diete azpeitiarrei ere, parte hartzera animatu daitezen.