- Hezkuntza
Azpeitiko esperientzia, EHUk antolatutako ‘Hiri hezitzaileak, komunitateak eraldatuz’ jardunaldietan
2025/12/12
Bilboko Hezkuntza Fakultateko Juliana Agirrezabala aretoan, Hiri hezitzaileak, komunitateak eraldatuz izeneko jardunaldia egin dute gaur goizean. Jordi Collet Soziologia eta Hezkuntza Politiken alorreko ikertzaile eta irakaslearen hitzaldiarekin hasi da egitaraua. Ondoren, mahai ingurua egin dute, eta Azpeitiko ordezkariek ez ezik, Iban Rodriguez Leioako alkateak ere parte hartu du.
2019tik, Herri Hezitzaileen Sareko kide da Azpeitia. Herri hezitzaileen filosofiari jarraituz, udalak hainbat proiektu sustatu ditu azken urteotan, bai adin txikikoei begira, bai oro har herritarrei eta herriko eragileei begira ere. Horien berri eman du Leire Sarasua Hezkuntza zinegotziak.
Kepa Urbieta euskaltegiko irakasleak, berriz, EtorkiZUn egitasmoaren nondik norakoak azaldu ditu. Egitasmo horren helburua da haur eta gazte etorkinei euskara ikasten laguntzea, betiere, Azpeitiko gizarte bizitzan errazago txertatzeko helburuarekin. Batez ere, azken hiru urtetatik hona egiten dituzten Harrera-saioak izeneko esku hartzeez aritu da, eta ikasle etorri berriari hurbileko harreman sarea sortzearen beharraz.
