Azpeitiko plazako eta Urrestillako San Joan bezperako suak txikiagoak izango dira aurten
2026/06/22
San Joan bezperako tradizioari eutsiz, suak piztuko dira bihar gauean Azpeitiko plazan (22:00etan) eta Urrestillan (gauerditik aurrera). Alabaina, ohi baino segurtasun neurri handiagoak hartuko dira, sua ikustera eta ospakizunean parte hartzera bertaratzen direnen osasuna arriskuan ez jartzeko.
Berez ere tenperatura altuak aurreikusten dira, eta horri suaren beroa gehituz gero, ugaritu egin daitezke bero kolpeak eta bestelakoak. Horregatik, bi suen tamaina txikitu egingo da, bero gutxiago bota dezaten. Horrez gain, suaren ingurua hesitu egingo da, eta ezingo da hesi barrura pasatu. Sutara gauzak botatzerik ere ez da egongo.
Udal langileek kontrolatuko dituzte plazako eta Urrestillako suak; landa eremuetan, ordea, sua egitea debekatuta egongo da.
Bestelako neurri batzuk ere bai
Biharko eta etzirako ere alarma gorria du ezarrita Eusko Jaurlaritzak tenperatura altuengatik. Bihar, asteartea, azoka eguna da Azpeitian. 11:30erako jasoko dituzte postuak plazan egoten diren saltzaileek (Azoka Plazakoek ohiko ordutegia izango dute).
Bihar, asteartea, azoka egingo da, baina 11:30erako jasoko dituzte postuak plazan egoten diren saltzaileek
Alarma gorriak irauten duen egunetan, Basazabal jauregia 22:00ak arte egongo da irekita, eta Soreasuko Sebastian Donearen eliza 20:00ak arte (hiletaren bat dagoenean izan ezik).
Udalak beroari aurre egiteko babes gomendioak jarraitzeko aholkatu du.
