- Euskara
Azpeitiko Udalak bat egin du 'Pizkundea' ekitaldiarekin
2025/12/23Larunbat honetan, abenduaren 27an, egingo dute Euskalgintzaren Kontseiluak antolatutako ‘Euskaraz bizitzeko pizkundea’ ekitaldia, Bilbao Arenan. Udal ordezkariek bat egin dute ekitaldiarekin.
Azpeititik autobusa egongo da Bilbora joateko. Ekitaldia 17:00etan hasiko da, eta 15:30ean abiatuko da autobusa Azpeititik, anbulatorio aurretik. Autobuseko eta ekitaldiko sarrerak Sanagustin kulturgunean daude salgai, hogei euroan (ekitaldirako eta autobuserako sarrera, biak barne).
Euskararen aurkako oldarraldi judizialaren garaian, ahalik eta euskaltzale gehien batu nahi dira, hiru helburu nagusiren bueltan:
- Euskaltzaleon indar eta batasunaren erakustaldi bat egin.
- Euskal jendarte osoari mezu argi bat helarazi: euskara guztion ardura da.
- Hizkuntza-politiketan ezinbestekoa eta premiazkoa den jauzi sendo bat bultzatu.
Kultur kutsuko ekitaldia izango da, eta musikak eta musikagileek, euskararen soinu-bandak, presentzia nabarmena izango dute.
