Azpeitiko Udalak galdetegi bat jarri du abian, herriko gazteen errealitatea lehen eskutik ezagutzeko
2026/05/21
Gizartea asko ari da aldatzen, eta horrekin batera, gazteen errealitatea ere bai. “Gai batzuek pisua hartu dute, hala nola buru osasunak, etxebizitzaren arazoak edo sare sozialek. Beste gai batzuk, berriz, bigarren mailara pasatu dira. Gazteen errealitateari buruzko susmo batzuk baditugu udalean, baina Azpeitiko gazteen beraien ahotik jakin nahi dugu nola bizi diren eta zer kezka dituzten”, azaldu du Ander Larrañaga Gazteria zinegotziak.
Aztikerren laguntza izango du udalak diagnostikoa egiteko. Prozesuak zenbait fase izango ditu, eta lehen pausoa izango da ekainaren 7ra arte bete ahal izango den galdetegiko datuak aztertzea. Ikasketei, lan egoerari, bizitokiari, buru osasunari, norbere kezkei eta beste hainbat gairi buruzkoak dira inkestako galderak.
16 eta 30 urte arteko gazte guztiei eskatu die udalak galdetegia betetzeko
“Hamar minutu baino gutxiagoan betetzeko moduko galdetegia da, baina informazio oso baliotsua emango digu etorkizuneko politika publikoak diseinatzeko”. Hala, 16 eta 30 urte arteko gazte guztiei eskatu die udalak galdetegia betetzeko.
Bestelako iturri batzuk ere erabiliko dira diagnostikoa osatzeko: udal barruan eta adituekin elkarrizketak egingo dituzte Aztikerreko kideek, eta aurrez aurreko saioak ere bai gazteekin.
