Badator ikasturte honetako Eskola Kirola, multikirola oinarri duela eta herri ituna adosteko lanketa abian dela
2026/09/22
Herriko gaztetxoen beharrak ondoen aseko dituen kirol hastapen bat eskaintzeko asmoz abiatuko du ikasturtea, irailaren 28an, aurtengo Eskola Kirola programak. 6-12 urte arteko umeek izango dute parte hartzeko aukera. Atzo, argazki bat atera zuten herriko hiru ikastetxeek osatzen duten Azpeskirola elkarteko, herriko kirol taldeetako eta udaleko ordezkariek, Eskola Kirolari babesa eman eta herriko haurrak izena ematera bultzatzeko asmoz.
Hain zuzen, herri itun bat prestatzen ere ari dira aipatutako eragile horiek. Itunaren abiapuntua da jarduera fisikoak eta kirolak “hezigarri, osasungarri, berdinzale eta bizi ohitura onen sustatzaile” izan behar dutela. Horretarako, haurren garapen integrala, ekitatea, aukera berdintasuna eta haurren eskubideen babesa lehenestea proposatzen du dokumentuak.
Itunaren helburua da herrian eskola-adineko jarduera fisikoaren eta kirolaren inguruan ari diren eragileen jarduna bateratzea eta haurren eta nerabeen kirol hastapenerako oinarrizko irizpide batzuk adostea.
Multikirola oinarri
Proposamen nagusietako bat da 6 eta 12 urte bitarteko haurrentzat multikirol programa izatea kirol hastapenaren oinarria. Horren barruan, Azpeitian eskaintzen diren kirol modalitateak lantzea lehenetsiko litzateke, haurrek herrian dituzten kirol aukerak ezagutu ditzaten eta etorkizunean kirol ibilbideari jarraipena emateko aukerak izan ditzaten.
Horretarako, herriko kirol elkarteek ordutegi adostu eta koordinatu bat errespetatzeko konpromisoa hartuko lukete, multikirol programari lehentasuna emanez. Era berean, klubek multikirol programaren garapenean parte hartzea aurreikusten du itunak, Azpeskirolarekin elkarlanean eta beren ezagutza eta baliabideak eskainiz.
Eskola adineko jarduera fisikoan eta kirolean eragile askok parte hartzen dute Azpeitian, eta horien arteko adostasuna lortu nahi da itunaren bidez, Azpeitiko ume eta nerabeen interesak erdigunean jarriz.
