- Festak
Baserritar jantziak prest? Badatoz santomasak
2025/12/17
Ohiko osagaiekin dator San Tomas eguna. Goiz partean, udazkeneko azoka berezia egingo dute Azoka Plazan, eta 25 ekoizlek jarriko dituzte postuak: barazki eta fruten 11, gazten bi, eztien hiru, pastelen bi, belar eta pomaden hiru, ahate produktuen bi eta bestelako produktuen bi postu egongo dira.
Plazan, berriz, jan-edanerako aukera egongo da egun osoan, herriko ikastetxeek eta elkarteek jarritako postuetan. Zortzi postu egongo dira aurten: Izarraizpe ikastola-Zutoin guraso elkarteak, Iraurgi ikastetxeak, Itsasi dantza taldeak, Baigera elkarteak, Etxerak, Ikasberri ikastolak eta Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak jarritakoak.
25 ekoizlek jarriko dituzte postuak Azoka Plazan, eta herriko zortzi ikastetxe eta elkartek jan-edanerako postuak plazan
San Tomas egunaren aurkezpenean, egon horretan egon ohi den “giro herrikoia” nabarmendu du Nagore Alkorta alkateak. “Herritar askok parte hartzen dute festan: herriko ikastetxeetako ikasle eta gurasoek, kultur eta kirol elkarteek, baserritarrek… Egunez egiten den festa da, gainera, eta horri esker, herritar guztiek dute festaz gozatzeko aukera. Iruditzen zait azpeitiarrek oso maitea duten eguna dela San Tomas eguna, eta ea aurten ere giro eder bat izaten dugun kaleetan”.
Festaren antolaketan lan egiten duten guztiei eskerrak eman dizkie Mikel Odriozola Festa batzordeburuak ere. Aurten, igandean egokitu da, eta horrek oraindik eta jende gehiago erakartzea espero dutela esan du. “Egitarau zabala prestatzen saiatu gara, egun osoko egitaraua, eta adin guztietako jendearekin pentsatua. Ea baserritarrez jantzita kaleak edertzea ere lortzen dugun”.
Egun osoko egitaraua
Izarraitz txistulari taldearen dianarekin hasiko da San Tomas eguneko egitaraua, 10:00etan, eta ordu horretan ekingo diete XI. Patxi Azkargorta pilota memorialeko finalei ere. 11:30ean, udal musika banda eta Arrasateko gaiteroak aterako dira kalejiran, Juan Antxieta musika eskolako soinujoleekin batera.
Eguerdian, Itsasiko ttuntturroen kalejira hasiko da, eta orduantxe ekingo diete herri kirolei ere: Mikel Larrañaga eta Txikia IV. ariko dira aizkoran eta Olaia Esnaola, Goenatxo III.a, Telleria eta Udane Ostolaza harri jasotzen. Plazan bertan, Amets Arzallus, Kattin Madariaga, Andoni Rekondo eta Ekhiñe Zapiain ariko dira bertsotan kioskoan, 13:00etan hasita, Xebastian Lizasok gaiak jarrita. Eguerdi partean, Bentazaharreko Mutiko Alaiak, Itsasiko ttuntturroak eta Azpeitiko erraldoi eta buruhandiak ere kalez kale ibiliko dira.
Bazkalostean, dantza eta musika izango dira nagusi. 18:30ean hasiko da gazteen XXIV. Azpeitiko Dantza Sueltoko Txapelketa, Soreasu antzokian. Era berean, 18:30etik 22:30ak arte, Itzal erromeria taldeak joko du kioskoan.
Animaliarik ez da izango plazan San Tomas egunean, baina hondarrezko txerri baten irudia egingo du Andoni Bastarrikak.
Indarkeria matxistaren aurkako kanpaina
Danok eo iñorrez. Danona da festie, danona da ardurie kanpainaren bidez, festa gozagarriak lortzeko ardura herritar guztiona dela gogoratu nahi du udalak. Kartelak eta pegatinak jarriko ditu hainbat puntutan, Txoixokeitan dabillenai, talue leloarekin, eta jaietako indarkeria matxistaren aurkako protokoloaren berri emango zaie postuetako ordezkariei.
Autobus bereziak
Kanpotik datozenentzat, autobus bereziak jarriko ditu Lurraldebusek. Ikusi ordutegiak hemen.
Bezperan, bertso saioa
San Tomas bezperan, ohi bezala, Txapelen omenezko bertso saioa egingo da: Andoni Egaña, Maialen Lujanbio, Alaia Martin, Julio Soto, Jon Gurrutxaga eta Naia Arrizabalaga ariko dira bertsotan, Haritz Bereziartua Ministro gai-jartzaile dutela.
