Bazkideentzako zenbait ohar, 2027ko kirol abonuak berritzeko
2026/11/26
Urte amaierarekin batera, Azpeitiko Udalak 2027ko urteko kirol abonuak berritzeko prozesuari ekingo dio. Hori dela eta, Kirol Sailak bazkidetza sistemaren inguruko hainbat ohar eta epe garrantzitsu helarazi nahi dizkie erabiltzaileei, bereziki hobariak dituztenei eta familia abonuaren barruan daudenei.
Hobariak mantentzeko agiriak, abenduaren 19a baino lehen
Azpeitiko kirolinstalazioen bazkidetzan hobariren bat jasotzen duten kideek ezinbestekoa izango dute beren agiriak eguneratzea (lan-bizitza agiria, errenta aitorpena...) baldintzak betetzen jarraitzen dutela egiaztatzeko. Dokumentu horiek abenduaren 19a baino lehen aurkeztu beharko dira; epe horretan jaso ezean, orain arteko hobariak galdu egingo dira.
Bestalde, familia-abonuan jarraitu nahi duten 18 eta 30 urte bitarteko bazkideek diru-iturririk ez dutela frogatu beharko dute. Gogoan izan behar da familia-unitatea eskatzaileak, bere ezkontideak edo izatezko bikoteak eta etxe berean bizi diren eta diru-sarrerarik ez duten 30 urtez azpiko seme-alabek osatzen dutela.
Agiri guztiak igerilekuko harreran bertan edo adminisigerilekua@azpeitia.eus helbide elektronikoan aurkez daitezke.
Bajak emateko epeak eta ordainketa-modalitateak
Urtarriletik aurrera kirol instalazioetan bajan egon nahi duten bazkideek abenduaren 28ra arteko epea izango dute baja orria igerilekuko harreran entregatzeko, eta 2027ko urtarrileko kuota ez ordaintzeko. Data horretarako baja eman ezean, bazkidetza automatikoki berrituko da (hala ere, datorren urtetik aurrera urteko edozein unetan eman ahal izango da baja.)
Ordainketari dagokionez, kuota ordainketa bakarrean egin nahi duten bazkideek harreran adierazi beharko dute; kasu horretan, urtean zehar baja emanda ere ez da ordaindutako zenbatekorik itzuliko. Bestela, abonuaren ordainketa automatikoki hilabeteko kuoten bitartez zatikatuko da.
Berrikuntzak eta kuoten aurreikuspena 2027rako
2027ko ordenantza fiskalei dagokienez, bi berezitasun nagusi aurreikusten dira, joan den 2026ko urriaren 15eko osoko bilkuran emandako hasierako onarpenaren arabera:
- Baja emateko malgutasuna: Datorren urtetik aurrera, urteko abonuan edozein unetan baja emateko aukera egongo da. Baja hurrengo hilabetearen 1etik aurrera jarriko da indarrean, eskaera uneko hilaren 25a baino lehen (egun hori barne) aurkezten bada.
- Kuoten igoera: kuotek %2,5eko igoera izango dutela aurreikusten da.
Erabaki horiek behin betikoak direnean, xehetasun guztiak udalaren webgunean kontsultatu ahal izango dira.
