Biodibertsitatea babestu eta basoen kudeaketa jasangarria sustatzeko asmoz, lursailak erosteko deialdia zabalduko du Azpeitiko Udalak
2026/10/16
Azpeitiko Udalak lurzoru ez-urbanizagarrian kokatutako lursailen jabeentzako deialdi irekia egingo du, jabeek beren lurrak udalari saltzeko eskaintzak aurkez ditzaten. Deialdiaren helburua da herri lurren azalera handitzea, eta, horrekin batera, biodibertsitatea babestu eta leheneratzeko zein basoen kudeaketa jasangarria sustatzeko jarduerak garatzea. 25.000 euroko partida du udalak lursailak erosteko.
Zein lursail eskain daitezke?
Azpeitiko udalerriko lurzoru ez-urbanizagarrian kokatutako lursailak aurkeztu ahal izango dira salmentara. Eskaintzak baloratzeko, besteak beste, ingurumen balioa eta kokapena hartuko ditu kontuan udalak. Honako hauek izango dira irizpide nagusiak:
- Udalaren herri lurren mugakide izatea, herri lurren azalera handitzeko eta lursailen arteko jarraitutasuna indartzeko.
- Babes bereziko eremuetan kokatzea, bereziki Izarraitz Natura 2000 Sarean, Azpeitiko Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean natur intereseko eremu gisa sailkatutako lurretan edo EAEko Korridore Ekologikoen Sarean identifikatutako eremuetan.
- Baso autoktonoa izatea eta natura-balioak mantentzea, biodibertsitatea kontserbatzeko edo hobetzeko potentziala duten eremuei lehentasuna emanez.
- Azalera handia izatea, habitat naturalen jarraitutasuna eta konektagarritasun ekologikoa sustatzeko.
- Ibaieder urtegiaren arroan kokatzea, inguruko basoen kudeaketa jasangarriaren bidez uraren kalitatea babesteko.
- Iturburuak edo bestelako baliabide hidrologiko naturalak izatea, hala nola iturriak, erreka buruak edo ur masa natural iraunkorrak.
Lursailen balorazioan, irizpide teknikoek gehienez 70 puntu izango dituzte, eta prezioak 30 puntu. Eskaintza merkeenak jasoko du prezioaren atalean puntuaziorik handiena. Gehienez 0,45 euro ordainduko ditu udalak metro koadroko, eta prezio hori gainditzen duten eskaintzak baztertu egingo dira. Udalak ez du erosketarik egingo aurrekontu erabilgarria agortu ondoren, salbu eta pleguetan aurreikusitako baldintzetan estrategikotzat jotako lursailen kasuan. Azaleraren erreferentzia eskrituran jasotakoa izango da, eta eskaintza guztiek lursailean eraikinik dagoen adierazi beharko dute.
Zergatik jarri du martxan udalak deialdia?
Izarraitz inguruko hainbat partzelaren jabea da Azpeitiko Udalaa. Horietako asko duela 20 urte inguru eskuratu zituen, eta azken erosketak, 87,8 hektarea, 2025eko abenduan egin zituen. Guztira 327 hektarearean jabe da udala.
Udalak uste du lurrak, ahal den neurrian, interes publikoaren zerbitzura egon behar direla. Izan ere , lurraren jabetza izateak garrantzi handia du lurraldea antolatzeko, biodibertsitatea babestu eta leheneratzeko, basoen arteko loturak indartzeko eta basoen kudeaketa jasangarria sustatzeko.
Deialdia lehiaketa publiko bidez eginda, lursailen jabe guztiei baldintza berberetan parte hartzeko aukera eman nahi die udalak. Era berean, herri lur gehiago izateak aukera emango dio udalari natura babesteko eta ingurumenaren aldeko jarduerak garatzeko.
Deialdia aurkezteko epeak eta moduak
Proposamenak aurkezteko epea Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (GAO) deialdia argitaratzen denetik abenduaren 31ra artekoa da.
Proposamenak Azpeitiko Udaleko Erregistro Orokorrean aurkeztu behar dira. Bi modu daude:
- Zuzenean Azpeitiko Udaleko Erregistro Orokorrean.
- Postaz: bidalketa-data posta-bulegoan egiaztatu behar da, eta egun berean kontratazio-organoari bidalketaren berri eman behar zaio, faxez, telegramaz edo posta elektronikoz. Posta elektronikoz jakinarazteko helbidea: kontratazioa@azpeitia.eus
Dokumentuak bi gutun-azal itxitan eta behar bezala sinatuta aurkeztu behar dira. Gutun-azaletan lizitatzailearen edo lizitatzaileen izena agertu behar da, baita honako testu hau ere:
“AZPEITIKO UDALERRIAN LANDALURRAK EROSTEKO PROZEDURAN PARTE HARTZEKO PROPOSAMENA”
LANDA LURRAK / BIODIBERTSITATEA
Gutun-azal bakoitzak bere edukia adierazi behar du:
- A gutun-azala: Administrazio-agiriak. Parte hartzeko behar diren administrazio-dokumentuak sartu behar dira.
- B gutun-azala: Eskaintza ekonomikoa eta automatikoki ebaluatu daitezkeen gainerako irizpideak. Eskaintza ekonomikoa eta puntuazioa automatikoki kalkulatzeko erabiliko diren gainerako datuak sartu behar dira.
Basoak erosteko proiektuaz gain, basoen kudeaketa iraunkorrerako plan bat garatzen ere ari da udala. Tantai baso jabe kooperatibari eskatu dio egiteko, eta urtea bukatzerako esku artean izango du.
