Corrugados Azpeitiaren altzairutegia eraisteko lanak uztailaren amaieran edo abuztuan hasiko dituzte
2026/07/03
Lehenik eta behin, eraikinak hustu eta saneamendu lanak egingo dituzte. Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Saila arduratuko da saneamenduaren jarraipena eta kontrola egiteaz, eta haren oniritzia jasotakoan hasiko dira eraikinak botatzen. Hala ere, gerta daiteke eremuka joatea, hau da, gune bat saneatu ahala gune horretako eraikinak botatzea, eremu osoa saneatuta egon arte itxaron gabe.
“Epeei buruz hitz egitea zaila da, baina urte eta erdian Amueko eremua botata egon daitekeela esan digute”, iragarri du Nagore Alkorta alkateak. Azpeitiko Udalak 2024an onartu zuen behin betiko Amue eremurako plan berezia. Plan horren arabera, etorkizunean etxebizitzak eta herri erabilerarako ekipamendu komunitarioak eraikitzea aurreikusten da bertan.
Ondorio praktikorik izango ez duen epaia
Corrugadosen harira, udalak berriki jakin du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazio Auzietarako Salak ez duela onartu jarduera lizentziaren iraungitzeari buruzko auzian Azpeitiko Udalak aurkeztutako apelazio-errekurtsoa. Horrenbestez, berretsi egin du lehen auzialdiko epaia. Hala ere, udalak azpimarratu du ebazpen horrek ez duela ondorio praktikorik izango Amue eremuko desmantelamendu prozesuan, eta aurreikusi bezala jarraituko duela eraisketak.
Udalak jarduketak amaitu eta espedientea artxibatzeko eskatu zuen, auziak bere xedea galdua zuelako (besteak beste, eraiste proiektuaren lanketa martxan zegoen ordurako eta Amueko eremurako plan berezia onartuta). Aurkako alderdiak ere, hau da, Corrugados Azpeitian enpresak berak ere udalaren eskaerarekin bat egiten zuen idatzia aurkeztu zuen 2026ko apirilean. “Aurkako alderdiak ere gure eskaerarekin bat eginda, ez genuen espero ebazpen hau. Hala ere, garrantzitsuena da eraiste proiektua dagoeneko aurkeztuta dagoela eta lanak aste gutxiren buruan hasiko dituztela", nabarmendu du Alkortak.
