- Kultura
Dejabu konpainiaren 'Itzulera' lanak irabazi du aurtengo Ikusleen Saria
2025/11/24Soreasu antzokiko eserleku guztiak beteta zeudela eman zitzaien amaiera, atzo, 43. Euskal Antzerki Topaketei. Azken urteotan ohiko bihurtu den bezala, azken antzezlana hasi aurretik banatu zen Ikuslearen Saria ere. Hain zuzen, Dejabu konpainiaren Itzulera antzezlanak irabazi du aurten.
Leire Sarasua Azpeitiko Udaleko Kultura batzordeburuak eman zion garaikurra Urko Rekondo Dejabu konpainiako ordezkariari.
Segidan, Erika Olaizola eta Xanti Agirrezabalaren Kaka antzezlana ikusteko aukera izan zen. Ainhoa Aierbe eta Mikel Laskurain aktoreekin batera aritu ziren oholtza gainean bi azpeitiarrak, aste honetan bertan estreinatu duten obra antzezten. Txalo zaparrada handia jaso zuten amaieran.
Oraindik balorazio sakonagoa egitea falta den arren, Azpeitiko Udala pozik dago aurtengo topaketek izan duten harrerarekin. Jende asko joan da emanaldietara, eta Ikusleen Sarirako emandako botoetan ere ikusi da jendeak gustuko izan dituela Azpeitira etorri diren antzezlanak.
