Itzulpen automatikoa / Machine translation

  • Kultura

Doinu barrokoak, kontzertu berezi batean

2025/09/18
Irailaren 27an, Soreasu antzokian, 20:15etik aurrera, musika barrokoaren kontzertua eskainiko du Julian Barrenetxea abesbatzak, Urmaiz, Aita Donostia eta Kantaka abesbatzekin batera.
Doinu barrokoak, kontzertu berezi batean

Guztira, 80 abeslaritik gora igoko dira oholtzara, eta Bachen eta Charpentierren lanak interpretatuko dituzte. 25 musikari eta lau bakarlari ere ariko dira emanaldian: Ana Otxoa Pando (sopranoa), Leticia Bergara (altua), Iñigo Vilas (tenorra) eta Jose Javier Etxeberria (baxua).

Gaur egin dute kontzertuaren aurkezpena, Basazabal jauregian, Leire Sarasua Azpeitiko Udaleko Kultura batzordeburuak, Miren Urkizu Julian Barrenetxea abesbatzako kideak eta kontzertua zuzenduko duen Javier Alberdik.

Sarasuak azaldu du, beste estilo batzuetako kontzertuen aldean, Azpeitian ezohikoak direla musika barrokoa ardatz duten emanaldiak; era berean, abesbatzak ere ez daudela hain errotuak adierazi du. Horiek horrela, herritar guztiak gonbidatu ditu Soreasura, eta kontzertua antolatzeko hartutako ekimena eskertu die Julian Barrenetxea abesbatzako kideei. 

Lehenik, Lazkaon eskaini zuten kontzertu bera lau abesbatzek; ondoren, Donostian. Miren Urkizu Julian Barrenetxeako kideak esan du haietako erantzun onak bultzatuta ekarri dutela Azpeitira. Alemanez eta latinez abestu behar izatea da zailtasunetako bat. 

Kontzertuak bi atal izango ditu: lehen zatian, Johann Sebastian Bachen Herz und Mund und Tat und Leben  (BWV 147) abestuko dute; bigarrenean, Marc Antoine Charpentierren Te Deum H 146. 

Sarrerak dagoeneko eskuragarri daude, Kulturazen webgunean, bost euroan.

Etorkizuneko proiektuak

Kontzertuaren prestaketan buru-belarri ari badira ere, beste erronka handi batean ere murgilduta dago Julian Barrenetxea abesbatza. Aurten 40 urte beteko dituzte, eta urteurrenaren harira, Azpeitiko konpositore esanguratsuen obrak grabatuko dituzte, Azketa abesbatzarekin eta herriko musikari askorekin elkarlanean. Proiektu horren inguruko xehetasunak aurrerago jakinaraziko dituzte.