Elkarlanean, pantailen erabilera arduratsua sustatzeko
2026/11/27
Ikerketek erakusten dute telefono mugikorrek, sare sozialek eta abarrek gero eta eragin handiagoa dutela haur eta nerabeen eguneroko bizitzan. Egoerak guztion arreta eta inplikazioa eskatzen dituela iritzita, herriko hainbat eragile elkarlanean hasi dira, pantailen erabileraren inguruko kontzientziazioa sustatzeko eta neurri zehatzak martxan jartzeko. Besteak beste, kirol arloan ari dira gaia lantzen, eta orain arte egindako lanaren berri eman dute Altxa Burua taldeak, herriko kirol taldeek, anbulatorioak eta udalak.
Lehen urrats moduan, Altxa Burua taldearen ekimenez, bilerak egin dituzte talde horretako kideek eta udal ordezkariek herriko kirol klubetako kideekin. Bilera horietan, telefono mugikorren, sare sozialen eta bestelako pantailen erabilerak sortzen dituen egoerak eta kalteak aztertu dituzte, ikerketetan oinarrituta, eta arazo horiei erantzuteko gizarte osoaren inplikazioa beharrezkoa dela azpimarratuz.
Kirol taldeei zuzendutako dekalogo bat ere prestatu du Altxa Buruak. Dekalogo horretan jasotzen diren neurriak bete ahal izateko, konpromisoa eskatu zaie kirol taldeei. Horrez gain, Osakidetzako Osasun Eskolaren gomendioen laburpen-dokumentu bat ere eman zaie klubei. Orain, Altxa Buruak prestatutako dekalogoa, Osakidetzaren gomendioen laburpen-dokumentua eta ekimenaren nondik norakoak azaltzen dituen gutun bat bidaliko diete kirol taldeek 16 urtetik beherako haur eta nerabeen gurasoei. Era berean, entrenatzaileei arautegi berriaren berri emango diete. Altxa Buruak, berriz, egoeraren jarraipena egingo du.
Lanketa zabalagoa
Kirol taldeekin egindako lanketaz gain, mugikorrik gabeko gune publikoak sustatzeko ahalegina ere egingo du Altxa Buruak, udalarekin batera. Horretarako, mugikorrik ez erabiltzeko gonbidapena egiten duten hainbat kartel eta panel jarriko dituzte, besteak beste, haur parkeetan eta kirol instalazioetako harmailetan.
Osasun arloari dagokionez, anbulatorioko osasun erizainarekin ere lanean jarraituko du Altxa Buruak, pantailen erabilerak eragin ditzakeen ondorioez eta osasun arazoez hitz egiteko. “Osasuna, Kirola, Udala... Denok norabide berean aritzea da helburua, denon artean haur eta nerabeen ongizatea babestu ahal izateko”, azaldu dute.
